Abiadura handiko parodia

AHTaren xedea gaitzesteko deituriko manifestazioan 300 lagun inguru bildu ziren; MIGeko aparkalekuetan traktoreak, behiak eta ardiak ezarri zituzten.

AHTaren aurkakoek behiak eraman zituzten protestara. BOB EDME.
Aitor Renteria.
Baiona
2012ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Behiak, zaldiak eta ardiak Merkataritza Ganberaren aparkalekuetan. Hogei traktore inguru eskaileretara hurbildu nahian,AHTaren aldeko autobusaren aitzinean, AHT xedea gaitzesten zuten banderola ugari. Arrazoi berezia behar zen, tenperatura zeropetik zegoelarik, astegun batez eta laneko orduan,300 pertsona biltzeko karrikan. Azken urteotan AHTaren kontrako protestak dira jendetsuenak eta atzokoan ere nabari zen indar hori. Hiru orenez atxiki zuten protesta, Poliziak inguraturik.

Manifestari batzuk banderolak eskuan, bertze batzuk informazio orriak zabaltzen. Zentzugabekeria salatzeko, inauteri garaiko parodia bat balitz bezala, Bizikoak trajezjantzirik, MIGen egoitza barnean bildutako jendea boteretsuaren gaitzespena egiten. MIGeko ekitaldia hiruretan hasi bazen ere, arratsaldeko bi orenetan ttanko bertan zeuden manifestariak. Hego zein Ipar Euskal Herriko hautetsiek, Frantziako zein Espainiakoek bertatik pasatu behar zuten aretora sartzeko.

Pantxo Tellier CADEko kideak AHTaren aurkako argudioak azaldu zituen, barnera sartzeko gomitarik ez baitzuten. Gogoratu zuen RFFk iragarritako arrazoi nagusia tren saturazioa dela. Alta, Suitzako adituek eta herri elkargoek berek geroztik egindako ikerketek erakutsi dute horrelako arriskurik ez dagoela 2050. urtera arte bederen. RFFk iragarritako beharrei ihardesteko gaurko bideak aski direla azpimarratu zuen. Bide berria egin nahi dutenei datuak faltsutzea egotzi zien.

Diruztatzeari buruzko kritika zorrotzak egin zituen. Izan ere, hastapeneko xedea aipatzen ez bazen ere, herri elkargoek xedearen ordainketan parte hartu beharko dute. Kasu anitzetan 50 urterako zorpetzea eraginen diela nabarmendu zuen, eta ondoko belaunaldien geroa mailegupean ezarriko dela.

AHTaren aldeko lobby-aren jarrera urduria adierazgarria izan zen. Izan ere, ez da ohikoa xedea bultzatu duten eragileek bilkura bat egin beharra xedea sustatzeko. Horregatik, mobilizaziorako deia egin, eta AHTaren aurkako protestak herrietan antolatzea galdegin zien bertan bildutakoei.

Rousset, gibeletik

Alain Rousset Akitaniako presidentea arratsaldeko hiruretan heldu zen Baionara, baina manifestariak saihesteko, gibeleko atetik sartu zen aretora. Jean Grenet Baionako auzapeza, Didier Borotra Miarritzekoa eta Jean Espilondo, berriz, ate nagusitik sartu ziren, gainerateko ordezkari gehienak bezala. Txistu eta oihu artean hartu zituzten. Poliziak manifestariak paretik kendu zituen une batean, pasabidea egiteko. Manifestarien artean, trufa gisa, galdetzen zuten non zeuden tartak, Yolanda Barcinak jasotakoa gogora ekarriz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.