ABIADURA HANDIKO TRENA. AGINTARIEN BISITA LANETARA. Ibarretxe: «Trena hartzea da garapena, ez bonbak jartzea»

Abiadura handiko trenari babesa adierazi diote Juan Jose Ibarretxek, Markel Olanok eta Nuria Lopez de Gereñuk

MIKEL PERUARENA ANSA ORDIZIA
2008ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
«Ahots kritikoak zilegi dira, eta proiektua hobetzen laguntzen digute, gainera; zilegi ez dena bonbak jartzea da». Bi aste igaro dira ETAk AHTren kontrako hainbat ekintza bere gain hartu zituenetik, eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari Juan Jose Ibarretxek Abiadura handiko trena babestu du, garapenerako Euskal Herriak duen tresna garrantzitsuena dela nabarmenduz: «Trena hartzea da garapena, ez bonbak jartzea». Atzo Ordizia eta Itsasondo (Gipuzkoa) arteko tunelaren obrak ikusi zituen lehendakariak, eta harekin izan ziren bisitan Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olano, Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan sailburu Nuria Lopez de Gereñu, Espainiako Sustapen Ministerioko ordezkariak eta Ordiziako, Beasaingo eta Tolosako alkateak, besteak beste.

«XIX. mendean ere izan ziren trenaren kontrako ahots kritikoak», gogoratu zuen Ibarretxek, «baina, zorionez, garapenaren alde egiten asmatu zuten. Orduan trena egitea izan zen garapena, eta hala izango da XXI. mendean ere». Obrak egiten ari diren enpresa eta langileei eskerrak eman zizkien: «Euskal gizarteari bere etorkizuna eraikitzen laguntzen ari zarete».

Abiadura handiko trenak «aurrerapen izugarria» ekarriko duela uste du Ibarretxek, Donostia, Gasteiz eta Bilbo ordu erdian lotuko dituelako, eta Europako hiriburuak ere gerturatuko dituelako: «Europako metroaren geltoki izango gara, eta gure kultura eta hizkuntza munduko eta Europako plazan kokatuko ditugu trenarekin».

Giza garapen iraunkorrerako tresna baliagarria da AHT, Ibarretxeren esanean: «Garraiobide solidarioena da, denak berdintzen gaituelako». Trenbidea ingurumenarekin «konpromisoa» edukitzea dela eta kutsadura eta CO2 isurpenak gutxitzen lagunduko duela adierazi zuen lehendakariak. Ordiziako alkate Jose Migel Santamariak esandako hitzak errepikatu zituen: «Etorkizunerako lehen leiho hau zabaldu dugu gaur». Santamariak nabarmendu zuen hauek egun «historikoak» direla: «Gure herriarentzat hain beharrezkoa den azpiegitura egiten hasi gara».

Ordizia eta Itsasondo arteko tunela bi urtetan bukatzea espero du Gipuzkoako lanen ardura duen ETS erakundeko zuzendariorde Javier Carlos Bergarak. Bukatuko den AHTren lehen zatia izango da Itsasondo eta Ordizia arteko tunela. 2.814 metroko luzera eta 12,8 metroko zabalera izango ditu eta, gehienez, %1,2ko malda. Malda txikia izatea «oso garrantzitsua» da, Bergararen hitzetan, trenbidea mistoa izan dadin, salgaien eta pertsonen garraiorako, bietarako, balio dezan.

Datorren astean hasiko dira tunela zulatzeko lanak, Ordiziako aldetik lehenik, Itsasondoko aldetik ondoren. Tunelak Ordiziatik Beasain aldera, Mariaratz errekaren gainetik, eta Itsasondotik Legorreta aldera, Zubina errekaren gainetik, jarraituko du. Obra horien lizitazioak abian direla iragarri du Bergarak. Hain justu, akuiferoak eta, oro har, ingurumena babesteko konpromisoa nabarmendu zuen Bergarak: «Legeak agintzen duena baino zorrotzago ari gara araudiak aplikatzen, ingurumena babesteko».

Manifestazioa ezbaian

«Manifestazio handia» egin nahi du EAEko PPk, AHT babesteko eta obrak egiten ari diren enpresa eta langileei elkartasuna adierazteko. PSEko bozeramaile Rodolfo Aresek ez du beharrezko ikusten, AHTk jada babes «oso garrantzitsua» duela baiteritzo, baina EAJko presidente Iñigo Urkullurekin eta PSEko idazkari nagusi Patxi Lopezekin bilera eskatuko du, hala ere, Antonio Basagotik, EAEko PPren buruak. «ETAk ezin du garaipenik lortu, ezta moralki ere». Bestalde, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Miren Azkaratek ohartarazi du, alderdiek eskatuz gero, Gobernuari ez zaiola gaizki irudituko neurri berriak hartzea.



Europako metroaren geltoki izango gara, eta gure kultura munduko plazan kokatuko du»

Juan Jose Ibarretxe
Eusko Jaurlaritzako lehendakaria




%60

Tunelen bidez. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako orografia menditsuak eragingo du AHTren zati handi bat tunelen bidez egitera. Hain zuzen ere,Euskal Y-aren ibilbide osoaren %60 tuneletan joango da, 104 kilometro hain justu. Guztira 80 tunel izango ditu.





'Euskal Y'-aren egoera

Dagoeneko hamar zatitan ari dira makinak abiadura handiko trenaren lanak egiten. Bost zatitan obrak hasita daude modu ofizialean, eta beste bostetan obrei ekin aurretiazko prestaketa lanetan ari dira dagoeneko: Legutio-Eskoriatzako bi azpizatietan, Eskoriatza-Aramaio, Aramaio-Arrasate eta Zornotza-Lemoa zatietan hain zuzen.





Legeak agintzen duena baino zorrotzago ari gara araudiak aplikatzen, ingurumena babesteko»

Juan Carlos Bergara
ETS erakundeko zuzendariorde exekutiboa




250.000

Aterako duten haitza. Ordiziatik Itsasondorako tunelak 2.814 metroko luzera izango du eta 250.000 metro kubiko haitz aterako dituzte. Ateratako haitzaren %12a obran bertan berrerabiliko dute eta gainerako gehiena zementua egiteko erabiliko dute.





Gipuzkoako zati berriak

Itsasondo eta Ordizia arteko tunelaren jarraipena --Mariaratz errekaren gainean egin asmo duten zubia-- egiteko lizitazioa irailean aterako du Eusko Jaurlaritzak, eta datozen hilabeteetan Beasain eta Tolosa arteko hiru trenbide zati egiteko lanak emango ditu, horien artean Itsasondotik Legorretara Zubina errekaren gainetik joango den zubia.









Ordizia-Itsasondo tunela

Bi urte barru, 2010 urte bukaerarako, espero dute Ordizia eta Itsasondo arteko tunelaren lanak bukatzea. Ipar eta hego aldetik zulatuko dute tunela eta, zortzi orduko hiru txandatan lan eginez, egunean 6 eta 9 metro artean aurreratuko dituztela aurreikusten dute obraren arduradunek. Bukatuko den AHTko lehenengo zatia izango dela esan dute.





Herritarren hitza baino «diruaren hotsa» gustukoago duela esan diote Ibarretxeri

Dozenaka lagunek elkarretaratzea egin zuten, agintarien bisita eta AHTren obrengatik protesta egiteko
I. Petxarroman Donostia

Obretara sartu nahi zuten abiadura handiko trenaren (AHT) aurka euren protesta eta ezinegona azaltzera, baina Ertzaintzak galarazi, eta obretatik urrun egin behar izan zuten elkarretaratzea. 50 bat lagun elkartu ziren, AHT Gelditu! Elkarlanak deituta, eta Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak egindako bisita, eta egitasmo horren alde duen jarrera gaitzetsi zituzten. «Ibarretxe jaunaz hitz egiten entzuten dugunean, demokrazia, parte-hartzea, herritarren nahia eta antzeko kontzeptu abstraktuak dabilzkigu buruan». Hain zuzen ere, bultzatzen duen Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako herri kontsultari erreferentzia eginez, honako kritika egin zion AHTren aurkako taldeak: «Abiadura handiko trenaz ari garenean, herritarren hitza entzutea baino, diruaren hotsa gustukoagoa dutela argi utzi digute».

Era berean, AHT Gelditu! Elkarlaneko bozeramaile Jone Etxeberria eta Idoia Baztarrikak oroitarazi zioten Ibarretxeri «herritarren zati handi bat» egitasmoaren kontra dagoela. Horren haritik, gaiari buruz informazioa eman, eta herri galdeketa egiteko eskatu zion. Izan ere, galdeketak egin diren herrietan herritarrek egitasmoaren aurkako jarrera azaldu dutela nabarmendu zuen: «Jaurlaritzak zergatik ez die herritarrei galdetu nahi? Herritarrei informazioa eskainiko litzaiekeen prozesu batean, dirua xahutzearen, ingurumena suntsitzearen eta azpiegitura ez sozialak egitearen aurka bozkatuko luketelako».

AHT Gelditu! Elkarlanak gaitzetsi zuen egitasmoaren lanetara lehendakariak egindako lehen bisita, eta Jaurlaritzaren «publizitate kanpainatzat» jo zuen. Izan ere, egitasmoaren alde erabiltzen dituen argudioak «eskasak» direla uste du AHT Gelditu! Elkarlanak. Besteak beste, Euskal Herriak dituen garraio arazoak ez dituela konponduko adierazi zuen erakundeak.

Bidenabar, trena ekologikoa dela dioen argudioari, abiadura handiko trena ez dela ohiko trena erantzun zioten. «Ingurumenaren, eraikuntzaren eta energia kontsumoaren aldetik... AHT eraikitzeak ingurumenean dakarren kaltea izugarria da».

Gainera, AHT garraio soziala dela ukatu zuten protesta egileek. «Nola izango da soziala, diru publikotik enpresa pribatura 9.000 milioi euro baino gehiago bideratu, joan-etorri motorizatuen %0,3 hartu, eta ohiko trenak alde batera utziko dituen garraiobidea?». Eraikuntzak hurrengo belaunaldiak ekonomikoki «baldintzatuko» dituela oroitarazi zuten protesta egileek.







Obrak eten dituzte Zaratamon, hainbat lagun kateatuta

AHT eraikitzeko lanak salatzeko, Zaratamoko (Bizkaia) obretako sarreran dozena bat lagun kateatu ziren atzo «txikizioa» gelditzeko eskatzeko. Beharginei lanera joatea eragozteaz gain, AHTren aurkako aldarriak ere bota zituzten bertaratutako beste hainbat herritarrek. Ekintza hasi eta gutxira, aldiz, Ertzaintza gerturatu eta protestan ari zirenak identifikatu zituen. Hala ere, ordu eta erdiren buruan langileek berriz ekin zioten trenbidea eraikitzeari. Larunbatean, itzulera operazioaren harira, giza katea antolatuko du Hego-Uribeko Elkarlanak,Arrigorriagan.







Burdin sarezko hesiekin itxita dago Ordiziako AHTren obren eremua. Atzo kazetariak eta agintariak sartu ziren barrura.

Hesiz itxitako eremu barruan

M. P. A.Ordizia

Lehengoez gainera, segurtasun neurri bereziak hartu zituen atzo Ertzaintzak, eta itxita zegoen Beasain eta Ordizia arteko mugan dagoen Malkasko auzoko aparkalekua. Nortasun agiria erakutsi ostean, kazetariek ez zuten autoa bertan uzteko arazorik izan, baina Ordiziako bizilagunek kanpotik ikusi behar izan zuten agintarien bisita. Ez guztiek, ordea. Hesiz itxitako eta segurtasun guardek gordetako eremuaren barruan, baserriak eta etxeak daude. Mariaratz haraneko bizilagunak, kazetarien tropelari arrotz, eguneroko ibilaldiari edo sagarrondoak zaintzeari emanak zeuden. Haiek egunero ikusten dute AHTren obra.

Mariaratz errekaren aldamenean pista zabaldu, hormigoia bota, eta lanean ari diren langileentzako aldagelak jarri dituzte. Tunela zulatuz atera asmo duten haitzarekin heliportua egingo dute, obraren arduradunek diotenez, aldagelak diren horretan.

Errekan gora igota, eskuin aldeko ezpondan lurra pilatu eta zabaldegia egin dute. Atzo agintarien bisitaren berri ematera bildu ziren dozenaka kazetariak, kameralariak eta argazkilariak zabaldegiraino igo ziren, txaleko fosforeszenteak eta kasko zuriak jantzita. Tunela, oraingoz, zementuz estalitako mendi zatia da.

«Joxepa ekarri behar da», esan zuen emakume batek, sakelakotik hizketan ari zela. Balizko tunelaren goiko aldera jarraitzen duen bidetik etorri zen Joxepa, 70 urte inguruko emakumea. Adi entzun zituen agintarien hitzak, baina argazkilari batek harrapatu nahi izan zuenean, buelta erdia eman eta bizkarra erakutsi zion.

Hesiz itxitako eremutik irtenda, «zer dago hor barruan?», galdetu zuen AHTren aurkako kontzentrazioan zegoen gizon batek.

Komunikabideetan ikustera itxaron behar, informatzeko. Joxepa ez da agertuko, baina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.