ABIADURA HANDIKO TRENA. Frantziako salgaien %58 jasoko ditu ohiko trenbideak, %42 'Euskal Y'-ak

'Euskal Y'-aren lanak amaituta, Donostia eta Gasteiz arteko oraingo trenbideari errail berria jarriko diola hitzeman du Espainiak

Mikel Peruarena - Aitor Renteria
2010eko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Donostia eta Gasteiz arteko egungo burdinbideari linea berri bat, hirugarrena, eransteko asmoa agertu du Espainiako Gobernuak, Frantziako Gobernuko ordezkarien aurrean. Frantziako trenbide azpiegiturak kudeatzen dituen RFFk argi adierazi du Irun eta Hendaia artean «inbutua» dagoela. Etorkizunerako hipotesien artean, AHT abiadura handiko trenaren lanak behin bukatuta, Frantziako trenbideetako ordezkariek espero dute salgaiez betetako 158 tren iristea, egunero, Astigarragako geltokira (Gipuzkoa). Espainiako trenbideetako arduradunek, ordea, salgaien 66 tren besterik ez dituzte espero eguneko. Alegia, Astigarragara AHT bidez iritsiko liratekeen salgaien trenen erdiek ezingo luketela Euskal Y-an barrena jarraitu. «Inbutuari» konponbidea aurkitzeko galdegin dute Frantziako ordezkariek, eta Espainiakoek erantzun dute egungo trenbide sareari hirugarren bidea erantsiko diotela, errailen nazioarteko zabalera izango duena. Hartara, salgaien trenen %58 oraingo burdinbideak hartuko ditu, eta gainerako %42 Euskal Y-ak, Jacques Coutou GEIE SEA Atlantique Vitoria Dax elkarteko zuzendariak azaldu duenez. Espainiako Sustapen Ministerioak ez ditu erantzun egindako galderak, baina Bordele (Frantzia) eta Irun arteko AHTaren arduradun Christian Maudetek asmo horiek berretsi dizkio BERRIAri, eta ziurtatu du Espainiak hitzeman duela egungo burdinbideari hirugarren erraila erantsiko diola.

Arazoa da Iberiako penintsulako egungo burdinbideak ez direla bateragarriak Europakoekin. Espainiako trenbide azpiegituren kudeatzaile Adifen burdinbideek 1.668 milimetroko zabalera dute; Fevek eta Euskotrenek darabilten sareko zabalera 1.000 milimetrokoa da; eta Europako trenbide sare estandarrak 1.435 milimetroko zabalera du. Bateraezintasun horrek arazo ugari sortzen ditu. Hendaiara iritsitako salgaiak trenez aldatu behar dira Irunera jarraitzeko, eta alderantziz. Ondorioz, garesti eta zailago da tren bidezko garraioa. Etienne Davignon Europa hegoaldeko AHT xedeen koordinatzaileak zalantzan jarri zuen, iaz, «Espainiak burdinbideetan duen bakartzea bukatzea», neurriak hartu ezean.

Zailtasunak zailtasun, RFFren datuen arabera, 1999tik 2008ra %40 handitu da trenbide bidezko salgaien garraioa Irun eta Mugerre (Lapurdi) artean. Hendaiako geltokian zazpi milioi euroko inbertsioa ere egin zuen RFFk, 2002 eta 2006 artean. Lehen, 2,8 milioi tona salgai sar zitezkeen Hendaiako geltokian; orain, 4,2 milioi tona sar daitezke. Frantziak apustua egina du salgaien garraioa errepidetik trenbidera pasatzeko, eta AHT lineek garrantzia dute horretan. Daniel Poulou UMPko diputatuak esana du, Lapurdiko AHT linea berria defendatuz, erregai fosilak 50 urteko epean agortzeko bidean izango direla eta alternatiba aurkitu behar zaiola salgaiak errepidez garraiatzeari.

Espainiako agintariek eta Eusko Jaurlaritzak garrantzi handiagoa ematen diote, ordea, bidaiarien garraioari. Astigarragako geltokitik Gasteizera, ibilbide luzeko 52 tren ibiltzea espero dute, egunero. Frantziako ordezkariek hamabi besterik ez dituzte espero Hendaia eta Astigarraga artean. Espainiako ordezkariek eskualdeetako 88 tren ere sartu dituzte Euskal Y-ko zirkulazio hipotesietan. AHTaren aurkako elkarlaneko kide Mikel Alvarezen hitzetan, «azpiegitura funtzioak eta ustiaketa ereduak kontrajarriak dira Frantziaren eta Espainiaren aldetik».

«Trenbideak muga tekniko bat dauka Bidasoan, eta horrek lehiakortasuna kentzen dio trenari, errepidearen alboan», idatzi zuen Eusko Jaurlaritzak, 2006ko txosten batean, Euskal Y-az ari zela. Europa eta Iberiako penintsularen arteko salgai trukeen %4 hartzen du trenak, eta pisu txikiagoa du bidaiariekin. «Oztopo hori gainditzea apustu estrategikoa da Europarentzat», Jaurlaritzaren arabera.

Helburua, 21 tona salgai trenez

2006an bost milioi tona salgai garraiatu zituzten trenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Errepidez, berriz, ehun milioi tona garraiatu zituzten. 2025. urte ingururako, urtean 18 eta 21 milioi tona arteko salgai multzoa trenez garraiatzeko xedea du GEIE SEA Atlantique Vitoria Dax taldeak.

GEIE SEA Atlantique Vitoria Dax taldean biltzen dira Espainiako eta Frantziako ordezkariak trenbideei buruzko koordinazioaz aritzeko. Urriaren 16an erabili zuten ikerketan zehaztu zituzten etorkizunerako trenen zirkulazio hipotesiak, eta bateraezintasunak agerian gelditu ziren. Txosten hartan ez zuten zehaztu, gainera, Bilboko portuko salgaiak nola lotuko diren Euskal Y-aren sarearekin. Jaurlaritzak konponbidea proposatu dio Espainiako Sustapen Ministerioari. Otsailaren 1ean, Herri Lan eta Garraio Sailak proposatu zuen Jundizenplataforma logistiko bat jartzea. Gasteizko erdigunetik hamar kilometro eskasera dago eremu hori, eta «salgaien nodo nagusi bat» izan litekeela uste du Jaurlaritzak. Trenbide eta errepideen arteko lotura intermodala eskainiko luke, eta Bilboko eta Pasaiako portuei zerbitzua emango lieke, baita 150 kilometro inguruan diren aireportuei ere. «Jundiz Euskadiko atea izango da salgaiak trenbidez sartzeko eta ateratzeko», adierazi du Jaurlaritzak.

Mikel Alvarezen hitzetan, Espainiako Gobernuak 1988rako erabakia zuen oraingo trenbide sarea aldatzea, Europako neurri estandarrera egokitzeko. Hasi ere hasi ziren, Urnietan (Gipuzkoa), baina lanak utzi zituzten, AHT linea berriak eginez arazoari irtenbidea ematekotan. Frantziako eta Espainiako gobernuek AHTarentzat jarri dituzten helburu ezberdinek ekarri dute, ordea, Euskal Y-a aski ez izatea.



Zer da GEIE SEA Vitoria Dax?

GEIE Ekonomia Intereseko Europako Taldea da -EIET, euskaraz-, eta Gasteiz eta Akize (Frantzia) arteko burdinbideen koordinazioaz arduratzen da. 2003an sortu zuten elkartea Espainiak eta Frantziak. RFF eta Adif erakundeen ordezkari eta baliabideekin hornitzen da. Antonio Gonzalez Marin Adifeko presidentea da elkarte honetako presidentea.





AHTaren aurka sinadura eske, Nafarroako lau herritan

Arakil, Arruazu, Oltza eta Puiuko hainbat zinegotzik sinadurak biltzeari ekin diote AHTaren aurka. Salatu dute tren lasterrak ez dituela garraio arazoak konponduko eta ez dituela Nafarroako gizartearen eta ekonomiaren beharrak aseko. Nafarroako udal eta kontzejuetara bidaliko dute sinadurak biltzeko eskaera.





6

Lekualdatzeak, milioitan. Egunero6 milioi lekualdatze egiten dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, Eusko Jaurlaritzaren arabera. Lekualdatzeen %41,1 oinez egiten dira; autoz, %38,8 egiten dira; autobusez, %9,8; trenez, %7,7; bizikletaz, %0,9; eta hegazkinez, %0,4.





90

Salgaien trenen abiadura, orduko kilometrotan. Euskal Y-ko burdinbidean, orduko 90 kilometro inguruko abiadura hartuko dute salgaien trenek. Bidaiarien trenekin bateratu beharko dute, horiek orduko 200 eta 230 kilometro inguruko abiadura eramango baitute.





Larunbatean bizikleta martxa egingo dute Urumean barrena

AHTak Gipuzkoako Urumea ibaiaren inguruan zer bazter ukituko dituen ikusteko, bizikleta martxa egingo du AHTaren aurkako elkarlanak. 10:00etan abiatuko da Astigarragatik, 10:30ean Hernanitik igaroko da eta 12:30ean Ergobiatik. Loiolako gaztetxean bazkaldu, eta hitzaldia emango dute 16:00etan.





Igandean AHTaren aurkako martxa egingo dute Arrasaten

AHT Gelditu! Elkarlanak protesta eguna antolatu du iganderako. Lurra herrien etorkizuna: AHT gelditu! lelopean, mendi martxa egingo dute Arrasate inguruetan (Gipuzkoa). 09:30ean abiatuko da martxa, Markulete industrialdetik.Suñatik eta Untzilla errekaren bailaratik jaitsita, Garagartzatik barrena, Arrasatera itzuliko dira, eta bazkaria egingo dute Biteri plazan. «Aramaio nahiz Arrasate aldeko parajeetan AHTak eragindako kalteak» ezagutzeko asmoa dute martxarekin. AHT Gelditu! Elkarlanak azaldu du, bestalde, maiatzaren 18an joango direla Estrasburgora. Atzo joatekoak ziren, Hendaiako Ituna aurkeztera, baina ezin izan dute hegazkinik hartu, Europako aire eremuan diren arazoak direla medio.





Gipuzkoa eta Lapurdiko AHT xedeak ez daudela garaiera berean onartu du RFFk

Nazioarteko taldearen bilkuretan arazo hori landu eta konponbide erraza emanen diotela nabarmendu du
Aitor Renteria. Baiona

«Espainia eta Frantziako AHT abiadura handiko tren xedeek 15-20 metroko garaiera ezberdintasuna daukate, baina hori ez da arazoa izanen», jakinarazi du Christian Maudet-ek, Bordele-Biriatu xedeko RFF Frantziako trenbide azpiegiturak kudeatzeko erakundeko zuzendariak. Astigarraga eta Biriatu arteko eta Bordele (Frantzia) eta Biriatu arteko atalak oraindik xedeak baino ez direla gogorarazi du Maudetek. Preseski, Frantziak eta Espainiak GIP izeneko nazioarteko lan taldea osatu dute, AHT xedean sor daitezkeen arazoei konponbidea emateko.

RFFk nabarmendu du AHT bide berriak %1eko aldapa onar dezakeela eta, ondorioz, bi kilometroko tartean, gaur egun dagoen garaiera ezberdintasuna desagertuko litzatekeela. Hori bi eratara egin daitekeela azaldu du RFFk: Gipuzkoan garaiera apalduz edo Lapurdin lur azpiko tunelen garaiera igoz.

Tren lasterrenloturaren garaiera ez da Frantziako eta Espainiako gobernuen arteko koordinazio arazo bakarra. Espainiak espero dituenak baino salgaien tren gehiago pasatu nahi ditu Frantziak. RFFk Adifeko ordezkariei proposatu die sobera diren salgaien trenak Irunera helaraztea eta gaur egungo bideak baliatzea. Espainiako Gobernuak onartu du proposamena, baita hirugarren erraila ezartzea ere, AHTaren bidez iritsitako trenekin lotura Hendaian edo Irunen egiteko. Dagoeneko Burgosko (Espainia) saihesbidean hori egin dutela nabarmendu du Maudetek.

Eraikuntza lanak ere ez dira ber denboran eginen. Bordele-Biriatu atala egiten denerako, Astigarraga-Biriatu atala egina egonen dela azpimarratu du RFFk. Horregatik, Europako bideekin lotura egiteko, Gipuzkoan ere gaurko trenbideen zabalera egokitu beharko dute.

Bestalde, estatu bakoitzean ohitura ezberdinak daude. Espainian salgaien garraioa eskuineko bidetik egiten da; Frantzian, aldiz, ezkerretik egiten da. Eskuinetik doazen trenak Astigarragan ezkerrera pasatzea eskatu dio Espainiari RFFk.

Luzera ezberdineko trenak

Trenen luzerak eta pisuak ere doitu beharko dituzte. Frantziak 750 metro luzeko trenak ditu; Espainiak 400 metrokoak. Frantziako Ingurumen mintegiak tren luzeak antolatzea hobetsi zuen, eta, ondorioz, AHT xedean, trenen luzera Frantziakoari egokitzea eskatu du RFFk. «Oraindik egingarritasun inkesta egiteko dago Lapurdin, eta Gipuzkoan gure xedera egokitu beharko dira», dio Maudetek. Horregatik, Frantziak izendatu bitartekariak zuhurtzia eskatu die parteei adierazpenak egiterakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.