ABIADURA HANDIKO TRENA. LANEN EGOERA. 'Euskal Y'-aren 17,5 kilometrotan lanak hasita daude, bost zatitan

AHT egiteko aurretiazko lanei ekin diete Legutio, Eskoriatza, Aramaio, Arrasate, Zornotza eta Lemoako zenbait lekutan

Ainhoa Sarasola.
2008ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Azken urtean Euskal Y-aren lanei ekin diete Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hainbat zatitan. 2006ko udazkenean Araban lanak hasi zituztenetik aurten arte, hondeamakinak ez ziren ibilbidearen beste inongo zatitan sartu. Ordea, aurten, hiru hilabetetan, Arabako beste zati batean, Gipuzkoako batean eta Bizkaiko bi zatitan lanak hasita daude dagoeneko. Uneotan, Arratzua-Ubarrundia-Legutioko I eta II azpizatietan Araban; Ordizia eta Itsasondo artekoan Gipuzkoan; eta Galdakao-Basauri nahiz Abadiño-Durango zatietan Bizkaian, abiadura handiko trena (AHT) egiteko lanetan ari dira. Guztira, egitasmoak aurreikusitako ibilbidearen 17, 5 kilometrotako lanak daude hasita.

Euskal Y-aren beste hainbat zatitan, berriz, obrei ekin aurretiazko prestaketa lanetan ari dira dagoeneko. Legutio-Eskoriatza zatiko bi azpizatietan bezala, Eskoriatza-Aramaio, Aramaio-Arrasate, eta Zornotza-Lemoa zatietan hasi dituzte prestaketa lanak. Izan ere, zati horietako eta beste lau zatitako lanak eraikuntza enpresa desberdinei emanda daude dagoeneko, aurrekontuak eta eraikuntza epeak zehaztuta. Halaber, beste hainbat lekutan zundaketak eta beste egiten ari direla salatu izan du AHT Gelditu! Elkarlanak.

Arratzua-Ubarrundia-Legutio

Bi udalerriak lotuko ditu trenbide zatiak, baina Gasteiztik ere pasatuko da. Bi azpizatitan dago banatuta Arabako Arratzua-Ubarrundia eta Legutio arteko ibilbidea duen zatia. II. zatia deitutakoa izan zen eraikitzen hasten lehena, eta baita Euskal Y-aren ibilbideko lanen abiapuntua jarri zuena. Izan ere, Luku udalerrian hasi zituzten lanak 2006ko irailean. Zehazki, Eibar-Gasteiz autobidearen azpitik pasatuko den 139 metroko tunela eraikitzen hasi ziren orduan.

II. zatia 5,2 kilometro luze da, eta bi urteko epea jarri zuten lanak bukatzeko, baina oraindik ez dituzte amaitu. Zenbait biaduktu, zubi eta tunel egin nahi dituzte: Miñaoko loturaren gainetik, esaterako, 208 metroko biaduktua egiten ari dira; Rejalza ibaiaren gainean 139 metroko zubia; eta Lukun 970 metroko tunela ere aurreikusita dago proiektuan, Eibar-Gasteiz autobidearen azpitik pasatuko den 139 metrokoaz gainera. Espainiako Sustapen Ministerioak 34,28 milioi eurotan esleitu zizkien lanak Tecsa Empresa Constructora S.A. eta Altuna y Uria S.A. eraikuntza enpresei.

Hain zuzen ere, enpresa horien kamioien joan-etorriengatik jabetu ziren Luku eta Urbina inguruko bizilagunak lanen hasieraz. AHT Gelditu! Elkarlanak salatu zuen AHTrako lanak Eibar-Gasteiz autobiderako desjabetutako lurretan hasi zituztela; taldearen irudiko, arazoak zituztelako desjabetzeak gauzatzeko. Esaterako, Legutio eta Arratzua-Ubarrundiko alkateek uko egin zieten desjabetze aktak sinatzeari. Inguruko herri eta kontzejuetan eginiko herri galdeketetan herritarrek azpiegituraren kontrako iritzi argia eman zutela ere gogoratu zuen .

Zati bereko bigarren azpizatiaren lanei, berriz, joan den hilean ekin zieten. 2,5 kilometro luze den ibilbidea hartzen du Arratzua-Ubarrundia-Legutio I azpizatiak, eta 22.113.240 euroko aurrekontua du. Lanak Comsa SA eta Cycasa Canteras y Construcciones SA. enpresek sortutako aldi baterako elkarteari esleitu zizkion Espainiako Sustapen Ministerioak, eta 20 hilabeteko epea ezarri zuen horiek amaitzeko.

Orotara, landa eremuko lurretako 11.328 metro koadrori eragingo diote. Azpizati horretan, A-3002 eta N-1 errepideak eta Zadorra ibaia igaroko dituen 505 metro luzeko zubia egin nahi dute, baita garai bateko Gasteiz-Maltzaga trenbide gainetik igaroko litzatekeen 236 metroko pasagunea ere.

Ordizia-Itsasondo

Eusko Jaurlaritzak aurtengo apirilaren 2an hasitzat eman zituen Gipuzkoako AHTren lanak, Goierriko Ordizia-Itsasondo zatikoak, hain zuzen. AHT Gelditu! Elkarlanaren arabera, ordea, maiatza arte ez ziren hasi lanean hondeamakinak zati horretan. Beasain, Ordizia, Itsasondo eta Legorretako udalerriak ukituko dituen zatia 2,8 kilometro luze da, eta tunel bidezkoa izango da ia osorik. Tunela egiteko, 250.000 metro kubo haitz atera asmo dute mendi barrutik. Eta tunelari eusteko, berriz, 100.000 metro kubo porlan, 850 tona altzairu zuntz, 200 kilometro altzairu buloi, eta altzairu koadro metalikoetan beste 1.100 tona erabiliko ditzte.

Lanen aurrekontua 60.290.000 eurokoa da, eta Gipuzkoako zatiaren ardura duen Eusko Jaurlaritzak FCC, Construcciones Olabarri, Guihor estructuras de hormigon eta Construcciones Donosti enpresek osatutako aldi baterako elkarteari eman dizkio, 31 hilabeteko epean bukatzeko.

Basauri-Galdakao

Bi hondeamakinak hasi zituzten Bizkaian Euskal Y-aren lanak, Zaratamo inguruan, joan den maiatzaren 30ean. Galdakao eta Basauri arteko zatiko abiadura handiko trenaren lanak izan ziren herrialdean hasten lehenak. Galdakao, Zaratamo, Arrigorriaga eta Basauriko udalerriak hartzen ditu zati horrek, eta 3,5 kilometroko luzera du. Inguru horretan egingo dituzten lanen artean daude, besteren artean, Nerbioi ibaiaren gainetik pasatuko den 438 metroko zubia, nahiz Zaratamon eraiki asmo duten 2,7 kilometroko luzera izango duen tunela.

Lanek 68 milioi euroko aurrekontua izango dute guztira zati horretan, eta 28 hilabeteko epean bukatzeko esleitu dizkiote Dragados S.A. eta Iza Obras y Promociones S.A. enpresek sortutako aldi baterako elkarteari.

Abadiño-Durango

Galdakao-Basauri zatiaren atzetik, Abadiño eta Durango artekoa izan da Bizkaian tren lasterraren lanak hasten hurrengoa. Abadiño, Izurtza eta Durangoko udalerriak hartzen ditu egitasmoak bere 3,52 kilometro luzetan. Zati horretan, egitasmoaren arabera, bi zubi eta bi tunel eraiki asmo dute: Untxillako zubia (300 metro); Mañariakoa (516 metro); Eguzkitzako tunela (664 metro); eta Mendigaingoa (1.010 metro).

Guztira, 51 milioi euroko aurrekontua du zati horrek. Construcciones Moyua S.L., Construcciones y Promociones Balzola S.A. eta Azvi S.A. enpresek osatutako aldi baterako elkarteari eman dizkiote lanak, eta 21 hilabeteko epea jarri diote eraikitzen bukatzeko.

Beste hainbat udalerritan egin bezala, Espainiako Gobernuaren Bilboko ordezkaritzan sinatu zituzten desjabetze aktak, udalerri horietan sinatu beharrrean.



Guztion eta guztiontzako obra bat da, Euskadin inoiz egindako lan publiko garrantzitsuena»

Mikel cabieces
Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria




2013

AHT martxan jartzeko Jaurlaritzaren aurreikuspena. Euskal Y-a martxan jartzeko 2013 urtea aipatzea «arrazoizko epea» dela esan zuen Nuria Lopez de Gereñu Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan sailburuak maiatzean. Lehenago 2010eko muga jarri zuten.





Inoiz egin den azpiegitura garestiena

Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, EAEri dagokien zatiek 4.178 milioi euroko aurrekontua izango dute. Castejon eta Iruñea artekoak560 milioi euroko aurrekontua izango du. Zehazteko daude Iparraldekoarena, eta Nafarroako zatia eta Euskal Y-a batuko dituenarena. Obra garestia dela salatu dute hainbat taldek.





AHT da Euskal Herrian egin den azpiegitura kritikatuena; gehiengo soziala kontra du»

AHT GELDITU! ELKARLANA




@sarean

AHTri buruzko orrialde ugari aurki daitezke Interneten. Hona hemen batzuk:

www.ahtgelditu.org. AHTren aurkako taldearen webgunea.

www.euskalyvasca.com. Jaurlaritzak azpiegiturari buruz jarri duen ataria.

www.blogak.com/ahtezordaindu. Protesta ekimenen berri ematen da.





AHTren aurkako prostesta ahalik eta gehien gizarteratzea da gure helburua»

Mikel alvarez
AHTren aurkako asanbladako kidea




Finantzaketa arazoengatik, proiektua etenda Nafarroan

2012. urterako AHT Iruñera iritsiko zela iragarri zuten urte hasieran Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Gobernuak. Azaldu zutenez, Zaragoza (Aragoi, Espainia) eta Castejon (Nafarroa) arteko zatiaren kudeaketa Espainiako Gobernuaren esku geratuko zen, eta Castejon eta Iruñea artekoa, Nafarroako Gobernuaren esku. Egun, proiektua etenda dago, finantzaketa akordiorik ez dagoelako.Nafarroako korridorea eta Euskal Y-a non lotuko dituzten ez dute zehaztu oraindik. «Horrek Estatuaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko akordioa eskatzen du», adierazi zuen Magdalena Alvarezek, Espainiako Gobernuko Sustapen ministroak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.