Abiadura handiz

Hauteskundeak igaro eta gero, abiadura handiko trenaren lanak eta tramiteak azkartu dituzte administrazioek. Hala ere, egitasmoaren egoera oso ezberdina da lurraldearen arabera.

IÑAKI PETXARROMAN- AITOR RENTERIA DONOS
2007ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Oraingoz Arabako zati batean baino ez dira hasi AHT Abiadura Handiko Trenaren lanak. Herrialde horretan eta Bizkaian tramiteak oso aurreratuta daude, eta lanak nabarmen heda daitezke hurrengo hilabeteotan. Gipuzkoan ere ari dira desjabetzeak egiten, eta Eusko Jaurlaritzak aste honetan egin du lehen lanen esleipena. Nafarroan eta Lapurdin atzeratuago dago egitasmoa. Honako hau da egoera zatien arabera.

'Euskal Y'-a

Lukun (Araba) hasi ziren lanak, iazko irailean. Alabaina, geldi antzean egon dira hilabeteetan, harik eta azken asteotan berriro abiatu dituzten arte. Egun, lanak zabaldu dituzte Lukun, Miñaon eta Erretana aldean. Hiru herri horietan AHTk hartuko dituen lurretatik beharrezkoa den guztia jasotzeko agindua eman zieten duela egun batzuk herritarrei, hamar eguneko epean. Epea bete da, eta leherketak egiten hasi dira dagoeneko.

Bestalde, hainbat herritan desjabetzen ari dira (Legution, Aramaion, Eskoriatzan, Elorrion...). Legutio-Eskoriatza zatia abuztuan hastekoa da, baina tramiteetan hainbat atzerapen gertatu dira; esaterako, Legutioko alkate Pedro Julian Berriozabalek (EA) uko egin ziolako desjabetze aktak sinatzeari. Araban eta Bizkaian esleituta daude egitasmoaren zati gehienak, eta kasu askotan eraikiko duten enpresei emanak. Desjabetzeak aspaldi hasi ziren -Durangaldean, esaterako-, eta lanak aurki has daitezke eskualde askotan.

Gipuzkoan aste honetan esleitu ditu Jaurlaritzak berari dagokion zatiko -Gipuzkoakoa- lehen lanak, Itsasondo eta Ordizia artean. Atzo Nuria Lopez de Gereñu Eusko Jaurlaritzako Herri Lan sailburuak esan zuenez, lanak uda ostean hastea espero dute. Euskal Y-aren egitasmoan atzeratuen dauden zatiak hiriburuetakoak eta Gipuzkoako proiektuak dira.

Bilbo aldean egin dute azterketa informatiboa, baina azken onarpena ez diote oraindik eman. Donostiaren kasuan, azterketa informatiboa egitenari dira. Gasteizko zatian, azterketa informatiboa martxan dago, baina Udalarekin hitzartzeko zain dira. Izan ere, zati horretan lur azpian egin nahi baitute AHT.

Gipuzkoako zatian Ezkio-Itxaso eta Tolosa arteko zatia dago aurreratuena. Zati horretan lan proiektua egina dago, eta lanen esleipenak hasita. Gainerako zatietan proiektua behin betiko onartuta badago ere, lan proiektua falta da. Donostiatik Irunera bidean, badira oraindik lotu gabeko hari asko. Esaterako, Lapurdirekiko lotura non egingo den, eta Pasaiako kanpoko portua zertan geratuko den zehaztea.

Nafarroako korridorea

Nafarroako korridorearen egitasmoa ez dago Euskal Y-a bezain aurreratua. Oraindik finantzatzeko akordioa falta da, ez baitago zehaztuta nola banatuko den finantzaketa Espainiako eta Nafarroako gobernuen artean. Hala ere, Iruñerriko zatia -22 kilometrokoa- nahiko aurreratua dago. Lan proiektua egina dago, eta heldu den urtean bertan has daitezke lehen lanekin; esaterako, Iruñeko geltokia egiten.

Iruñea eta Castejon arteko 66 kilometroko zatiari behin betiko onarpena eman zioten 2004ko uztailean. Eta Castejondik Espainiako mugara bitarteko zatiari aurten eman diote betiko onarpena.

Lotu gabe dago oraindik Nafarroako korridoreak Gipuzkoan non egingo duen bat Euskal Y-arekin. Hiru alternatiba daude: Arakil-Ordizia, Arakil-Tolosa (Aralarko bederatzi kilometroko tunela duena) eta Arakil-Ezkio-Itxaso. Badirudi azken horrek hartu duela indar handiena azkenaldian. Jaurlaritzak haren aldeko apustua egin du, eta Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioa azterketa egiten ari da alternatiba horren inguruko aurreproiektua egiteko. Azterketa heldu den udan amaitzea espero dute.

Lapurdiko zatia

Frantziako legeari jarraiki, Lapurdiko tren egitasmoari buruzkolau hilabeteko eztabaida publikoa antolatu zuten Akitania osoan. Iazko abenduan bukatu zen eztabaida publikoa, eta hasi aitzin espero bezala, Frantziako trenbide sarea kudeatzen duen RFF konpainiak AHT bide berria egitea deliberatu zuen. AHTren aurkako elkarteek eskaturik, eztabaida zuzentzen zuen batzordeak Suitzako adituei beste txosten bat osa zezaten eskatu zien. Ekaien garraioa iragarritakoa baino apalagoa zela erakutsi zuen inkestak, garraioa ez dela emendatzen, apaltzen ari dela. Hala ere, ez zen irizpidea aldatu eta AHT lerro berria egitea onartu zuten.

Lau urteko epea du orain RFFk ibilbidea zehazteko. 2011n aurkeztu beharko du ibilbidea, eta, ondoren, egingarritasun inkesta publikoa abiatuko da. 2020rako egina egotea espero dute, urte horretarako, RFFren iritziz, egungo trenbidea saturaziora helduko baita.

Lau ibilbide aurkeztu dituzte. Ibilbide berriko geltokia Uztaritzen egonen dela diote. Akizetik helduko da trena eta, AHTren aurkakoen arabera, Uztaritzetik Senpere aldera joanen da, Larrunen lotura egiteko Gipuzkoatik helduko den AHT egitasmoarekin.



 

Sabotaje ugari azken hilabeteetan



Iaztik, lanei ekin zietenetik, hainbat sabotaje ekintza egin dituzte AHT Abiadura Handiko Trenaren aurka. Erakundeek haienberri eman ez badituzte ere, asko aldarrikatu dituzte, eta AHTren Aurkako Erresistentzia Orrian argitaratu dituzte. Ohikoenak AHT egin behar dituzten enpresa edo erakundeen makineriaren eta ondasunen aurkakoak izan dira. Esaterako, iazko abenduaren 22an Aldaiturriaga enpresaren garabi bati kalteak egin zizkioten Abadiñon, Matiena auzoan. Aurtengo martxoaren 14an Altuna y Uria enpresaren dozena bat kamioiren aurkako ekintza egin zuten Azpeitian. Inguruko paretetan ekintza zuzenaren aldeko pintaketak egin zituzten.

Zundaketak egiten dituzten makinen aurkako kalteak eta sabotajeak ere oso ohikoak izan dira hilabete hauetan, eta baita hainbat erakunde publikoren ondasunen aurkakoak ere. Esaterako,Bizkaiko Aldundiaren auto bati gurpilak zulatu zizkioten martxoaren 23an, eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren furgoneta bati gurpilak zulatu eta pintaketak egin zizkioten iazko abenduan.

Eusko Trenen aurkako sabotajeak ere izan dira, besteak beste, hainbat geltokitako txartel makinen aurka, esaterako, Abadiñoko Matiena auzoan. Apirilean, Eusko Trenen kostaldeko hainbat geltokitako makinak hondatu zituzten. Beasaingo CAF enpresaren hainbat treni harriak bota zizkieten apirilean, enpresa horrek abiadura handiko tren berriaren diseinua egiteko duen asmoa gaitzesteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.