Martxan da aurtengo Beldur Barik programa. Ekimenarekin hasteko, ikus-entzunezko lehiaketa abiatu dute, gazteen arteko harremanetan balio positiboak sustatzea xede duena; zehazki, "errespetua, berdintasuna eta indarkeria sexistaren prebentzioa sustatzea".
12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendutako lehiaketa da, eta askotariko diziplinak landu daitezke ikus-entzunezko baten bitartez: dantza, pintura, performancea, antzerkia…
Sail bakoitzeko bi sari banatuko dira, 1.000 eurokoak. Lanak aurkezteko epea urriaren 31ra arte egongo da zabalik. Proposamenak posta elektronikoz igorri behar dira, honako helbide honetara: [email protected]. Informazio gehiago, hemen.
Hamaika jarrera, Hamaika aukera leloa hautatu dute aurten, eta irudi berri bat ere aukeratu du. Benetako irudiaren eta marrazkiaren bidez, eguneroko bizitzako hainbat egoeratan “heroi” modura ageri diren neska gazteak erakusten dituzte.
Beldur Barik programa 2009an sortu zen, eta berdintasunaren aldeko euskal udalen Berdinsarea sarearen ekimena da. Gaur egun, hainbat erakunderen babesa dauka programak; tartean daude Eudel, Emakunde, Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritza, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.