Milaka herritar Iruñea eta Durango arteko 123 kilometroetan eskutik eskura elkarturik lotu nahi ditu Gure Esku Dago ekimenak, eta giza kate horretan parte hartzeko deialdia gaur egin dute, Durangoko Plateruenea antzokian. Herritarrek hartuko dute protagonismo osoa, herri gisa herritarrek etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea aldarrikatzeko. Datorren urtean Eskozian eta Katalunian herri galdeketak egingo dituzte, urrats garrantzitsua herri independente bilakatzeko bidean, eta Euskal Herriarentzat ere 2014 urte garrantzitsua izatea nahi dute antolatzaileek, "erabakigarria" burujabetza prozesuan.
Testuinguru horretan, mezu argia plazaratu nahi dute Gure Esku Dago plataformakoek: «Herri gisa gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugula, erabakitzea herritarroi dagokigula, eta eskubide hori erabiltzeko borondate irmoa daukagula», adierazi dute Angel Oiarbide eta Zelai Nikolas egitasmoaren bultzatzaileek.
Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko giza katearen katebegia nork bere herritik gertuen dagoen jar dezake datorren urteko ekainaren 8an, edo betetzea zailenak diren guneetara joateko aukera ere izango du. Internet bidez metroa erosteko aukera zabalik dago, eta Internetez egin nahi ez dutenentzat herrietan txartelak salgai jarriko dituzte. Bost euro balio du metro bakoitzak. Lehen bost metroak saldu dituzte: Martxelo Otamendik, Txaro Arteagak eta Eñaut Elorrietak Internet bidez erosi dituzte, eta Periko Ibarrak eta Kepa Junkerak txartela eskuratu dute.
Giza kate honek "ziklo ilusionagarria irekitzeko elkarrekin aurrera egiteko premia" adierazi nahi du, antolatzaileek esan dutenez, eta herritarron zeregina bide honetan "funtsezkoa" da.
Giza katea "jarrera positibo honetan oinarritzen" da, norbanakoak zein kolektiboak diren eskubide zibil eta politikoekiko begirunetik abiatuz, demokratikoa eta unibertsala den eskubide batekiko atxikimendua azaltzea: erabakitzeko eskubidearekiko atxikimendua, alegia.
Giza katearen aurkezpen ekitaldian, Gure Esku Dago dinamikarekin bat datozen herrietako plataformek ere hartu dute parte, eta horietako batzuek euren esperientziak kontatu eta orain arte antolatutako ekitaldien berri eman dute.
Kirmen Uribe idazle eta Gure Esku Dago kantuaren letraren egileak ez du aurkezpenean egoterik izan, baina bideo batean bere atxikimendua adierazi du.
Euskal Herria Kataluniarekin
Euskal Herriak Kataluniako prozesuarekiko elkartasuna adierazteko asmoz, eta aurrerantz
Bideoa: Gure Esku Dago bideoklipa.
[YouTube]https://www.youtube.com/watch?v=dAkHgqTYxl8[/YouTube]