Euskara

Abian da Udaltop, Euskaraldia ardatz

Gaur eta bihar egingo dituzte topaketak, Lasarte-Orian (Gipuzkoa). 270 lagun inguru elkartu dira.

Jendea, Lasarte-Orian, Udaltop jardunaldietan. @UDALTOP
2018ko maiatzaren 17a
14:16
Entzun

Hamargarren edizioa du aurten Udaltopek, eta datorren urteko Euskaraldia izango dute ardatz. Bihar egingo dute Euskaraldiaren aurkezpena, baina Elena Laka Topaguneko lehendakariak gaurko aurkezpenean ere esan du "ilusioa" sortzen ari dela ekimena. Jesus Zaballos Lasarte-Oriako alkateak, Jon Antxordoki Udaleko Euskara Batzordeko lehendakariak, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntz Politikako sailburuak ere hartu dute parte irekiera ekitaldian.

Azken horrek herri mugimenduen lana goretsi du aurkezpenean: "Gizarte ekimenik gabe lortutakoa ezinezkoa litzateke". Euskaraldiaren lehen helburuetako bat jada bete dela nabarmendu du: "Jatorri eta pentsamendu ezberdinetako hainbat lagun elkarrekin ari gara lanean, buru-belarri, 11 egun horiek prestatzeko". Ekimena arrakastatsua izango dela aurreikusten du, gainera: "Euskaraldia tresna eraginkorra izango da euskararen erabileran pausoak emateko eta hizkuntza ohiturak aldatzen hasteko. Eta hori da gure hizkuntzak gaur gaurkoz behar duena".

Bi egunez elkartuta egongo dira Lasarten Udaltopera batzea erabaki duten 270 lagun inguru. Hasteko, elebidun izateak ematen dituen abantailen inguruan aritu da Colin Williams Cardiff Universityko Welsh School-eko Sozioliguistikako ikerketa irakaslea; eta gero, hainbat udaletako jarduerak ezagutu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.