2007tik 2011ra, abokatu batek eta kudeatzaile batek iruzurra egin zieten 300 etorkin baino gehiagori. Etorkinei dirua eskatzen zieten, ustezko lanpostu eta erresidentzien truke. Paperak lortu nahi zituzten kanpotarrei gezurrezko izapideak egitearen truke dirua kobratu zieten. Bizkaiko Auzitegi Probintzialak bi iruzurgileak zigortu ditu. Abokatuari lau urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra jarri dio, eta 2.160 euroko isuna. Kudeatzaileari, berriz, epaitegiak hiru urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra jarri dio, 1.800 euroko isunarekin batera.
SOS Arrazakeriak salatu duenez, bestalde, "oso zaila" izango da iruzurra jasan zuten pertsonek galdutako dirua berreskuratzea. Kaltetuetako batzuk, gainera, estatutik kanporatu dituzte. Halako jokabideak Atzerritartasun Legeak eragiten duen "etsipenarekin" lotu ditu SOS Arrazakeriak.