Alfontso Zenon. Abokatua

«Abokatuak edozein operaziotan nahasteari ekin diote; ez du zentzurik»

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2010eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Haizea Ziluaga eta Haritz Escudero abokatuen lankide Alfontso Zenonek kaletik eta poliziaz inguraturik ikusi du Elkano kaleko abokatuen bulegoaren miaketa, Arantza Zulueta askatu berria alboan zuela. Duela zortzi hilabete egoera berean ikusi zuen bere burua: atzo alboan zuen Zulueta nola atxilotzen eta abokatuen bulegoa nola miatzen zuten ikusi zuen, inpotentziaz. Atzo atxilotutako Ziluaga eta Escudero zituen orduan alboan.

Zer diozu polizia operazioari buruz?

Estatuak aurrera daraman errepresio estrategian kokatzen dugu operazio hau. Sarekadak bata bestearen atzetik egiten ari dira, eta helarazten duten mezua da hemen ez dagoela inor libre. Segikoa edo Batasunekoa izatea delitua da, eta, orain, badirudi abokatua izatea ere delitua dela. Denok gaude jomugan. Lekuko deserosoak gara eta horregatik kendu nahi gaituzte erditik. Giza eskubideen kontrako bortxaketak edonon salatzen ditugu, bai kartzeletan, bai Auzitegi Nazionalean, eta ez daude hori onartzeko prest. Hala ere, guk argi dugu gure lanarekin jarraituko dugula.

Segiren kontrako operazioan sartu dituzte bi abokatuak.

Ez diogu inolako zentzurik ikusten, baina azkenaldian abokatuak edozein operaziotan nahasteari ekin diote. Segiren kontrako operazio etengabeak ere erabat salagarriak dira. Gazte erakunde bati horrela jazartzeak erakusten du zein estatu motatan bizi garen.

Apirilean atxilotutako hiru abokatu askatu eta berehala atxilotu dituzte beste bi. Kasualitatea?

Herri honetan ezer ez da kasualitatea. Gainera, epaile berak agindu ditu atxiloketak. Badirudi Marlaska ez dagoela gustura hiru abokatuak askatu izanarekin, eta orain beste bi nahastu ditu operazio honetan, zentzurik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.