Ez da lehen aldia. Euskal preso eta iheslarien eskubideak defendatzen lan egin duten abokatuak lehenago ere atxilotu izan dituzte, eta presoak defendatzetik preso egotera ere pasatu horietako batzuk. Arantza Zulueta eta Jon Enparantza preso egon ziren 2010eko apiriletik azarora, Iker Sarriegi abokatuarekin batera; Iñaki Goioaga eta Unai Errea ere egon dira giltzapean; eta Haritz Escudero eta Haizea Ziluagaren kontrako sumarioak ere ireki zituzten.
1990eko hamarkadan hainbat abokatu auzipetu zituzten ETAren bahiketetan edo iraultza zerga deiturikoan bitartekari lanak egitea leporatuta. Baina bereziki, 18/98 auziarekin jarri zuen mugarria Espainiako Justiziak. “Dena ETA da” teoriarekin batera, geroz eta abokatu gehiago hasi ziren epaileen aurrean deklaratzen, akusatu gisa. 2006ko bake prozesuaren ostean, eta 2009tik aurrera, bereziki, atxiloketak ugaritu egin ziren, Bidasoaren bi aldeetan.
Akusazio gogorrak eginda atxilotu zituzten Zulueta, Enparantza eta Sarriegi 2010an, beste zortzi euskal herritarrekin. Besteak beste, ETAren mezulari izatea egotzita atzeman zituen Guardia Zibilak, Fernando Grande-Marlaska epailearen aginduz.
Atxilotutako hamaika lagunak inkomunikatuta eduki zituzten guardia zibilek, eta hiru abokatuek eta Erramun Landa margolariak ez beste guztiek torturak jasan izana salatu zuten. Abokatuen ustez, atxilotutako abokatuen aurkako deklarazioak jaso nahian torturatu zituzten. Operazioa egin eta egun gutxira, hiru abokatuei “tratu bikaina” emateko agintzen zuen Guardia Zibilaren barne txosten baten berri izan zen.
Entzunketen balioa
Fernando Grande-Marlaska epaileak zuzendu zuen operazioa eta haren esku zegoen auziaren instrukzioa. Auzitegi Nazionaleko Zigor Salako presidente izendatu zutenean, baina, Javier Gomez Bermudezen esku geratu zen kasua. Instrukzio fasean jarraitzen du. Abenduan, Bermudezek CNI Espainiako zerbitzu sekretuek abokatuei eginiko entzunketak eskatu zizkion Espainiako Gobernuaren Barne Ministerioari, CNIren ezezkoaren ondoren —sekretu ofizialak zirela argudiatuta, material hori ezin zuela epailearen esku utzi argudiatu zuen—.
Bermudezek ohartarazi zuenez, eskatutako dokumentuak ez “desklasifikatzeak” eragina izango luke prozeduran, horietan oinarritzen baita Guardia Zibilaren ikerketa eta akusazioa. Hori egin ezean, defentsarako eskubidea urratuko litzatekeela azpimarratu zuen, eta, beraz, akusatuak absolbitu beharko liratekeela. Horrekin batera, epaileak aztertu beharko lituzke entzunketak, legeak ezartzen duen moduan, Auzitegi Gorenaren baimenarekin egindakoak diren edo ez.