Abortatzeko eskubidea bermatzeko eskatuko dio Nafarroako Parlamentuak Sanzen Gobernuari

PSNk eta NEBk aurkeztutako mozioen haritik egin du eskaera, eta aipatutako bi alderdi horiek ez ezik NaBaik ere alde bozkatu du. Nafarroan ez da aborturik egiten, eta kanpora bidaltzen dituzte haurdunaldia eten nahi duten emakumeak. Medikuen "kontzientzia eragozpena" argudiatuta justifikatzen du egoera Sanzen Gobernuak. Eztabaidaren bezperan, abortuak egiteko klinika bat Nafarroan irekitzeko asmoa agertu zuen atzo ACAIk.

2007ko urriaren 10a
14:55
Entzun
Espainiako legeak baimentzen duen kasuetan Nafarroan abortatzeko eskubidea bermatzeko eskatu dio gaur Nafarroako Parlamentuak Miguel Sanzen Gobernuari (UPN-CDN). Izan ere, legezko kasu horietan ere Nafarroan ez da aborturik egiten, ez sare publikoan, ez pribatuan. Kinka horretan diren emakumeak kanpora bideratzen ditu Nafarroako Osasun Kontseilaritzak haurdunaldia eten diezaieten, eta emakume taldeetan lan egiten dutenen arabera, administrazioaren jokabide horrek larritu egiten du berez andrezko horientzako gogorra izaten den esperientzia.

PSNk eta NEBk aurkeztu dituzten mozioen harira egin du eskaera Parlamentuak. Bi alderdi horietako ordezkariek ez ezik, NaBaikoek ere bat egin dute ekimenarekin. Hots, UPN eta CDN izan dira kontra bozkatu duten indarrak. Abortatzeko eskubidea bermatzeko ez ezik, haurdunaldien etetea sare publikoan egiteko galdegiten da onartutako mozioetan.

NEBko ordezkari Ion Errok azaldu du urtero, batez beste, Nafarroako 550 emakumek joan behar izaten dutela kanpora abortatzera. Egungo egoera "porrota" dela iritzi dio, "osasun zein gizarte arloan", eta emakumeak "kriminalizatu" egiten dituela.

PSNko parlamentario Maria Chivitek Nafarroako emakumeak "batetik bestera ibiltzera" derrigortzen dituztela salatu du, eta NaBaiko Asun Fernandez de Garaialdek medikuen kontzientzia eragozpena "balio absolutu" bihurtu dela.

Hain justu, UPN eta CDNko Gobernua medikuen eta osasun langileen kontzientzia eragozpenean babesten da egoera justifikatzeko. Hala, Maria Kutz Osasun kontseilariak erantzun du Nafarroan legea betetzen dela -haurdunaldia eten nahi duten emakumeak abortatzera kanpora bideratuz-, eta, halaber, medikuen kontzientzi eragozpenerako eskubidea errespetatzen dela.

Abortuak egiteko klinika irekitzeko asmoa

Gaurko eztabaidaren bezperan atzo jakin zen abortuak egiteko klinika bat ireki nahi dutela Nafarroan. ACAI elkartearen ekimena litzateke, hots, Espainian borondatezko haurdunaldi eteteak egiten dituzten 31 zentro biltzen dituen elkartearena. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari balizko zentro hori irekitzeko eskaera «laster» bidaliko diotela adierazi zuen atzo Eva Rodriguez ACAIko bozeramaileak, eta Gobernuak borondatea badu zentroa urte baten buruan irekitzeko aukera dagoela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.