Jarduera eta mobilizazio ugari izan dira Abortatzeko Eskubidearen Nazioarteko Egunean; jaigiroa eta aldarrikapena uztartu dituzte gehienetan. Bilbon, manifestazioa egin dute; Arriagatik atera da martxa, 12:00etan. Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzearekin batera, lege erreforma bertan behera uzteko erabakia eta Alberto Ruiz-Gallardon Espainiako Justizia ministroaren dimisioa txalotu dituzte.
Horrekin batera, El Salvadorko emakumeei babesa adierazi diete —han gizakitzat hartzen du Konstituzioak umekia sortzetik; ondorioz, haurdunaldia eteten dutenak berrogei urte arteko kartzelara zigor ditzakete, homizidioz akusatuta—. Hamazazpi emakume daude abortatzeagatik preso.
Abortatzeko eskubidearen aldeko plataformek adi jarraituko diete Espainiak indarrean dagoen araudian egin asmo dituen aldaketei —16-17 urteko neskek gurasoen baimena beharko dute abortatzeko—.