Nafarroan ez da aborturik egiten. Nafarroako Gobernuaren datuen arabera, 2006an, 46 emakume nafarrek abortatu zuten; Espainiako Osasun Ministerioaren arabera, aldiz, 651k. 46 horiek abortua Nafarroako Osasun Departamenduaren bitartez bideratu zuten emakumeak dira, Nafarroako Gobernuak Nafarroatik kanpo abortatzera bidali zituenak. Gainerako 605ek beren kabuz jo zuten abortatzera, Nafarroatik kanpoko osasun zentro pribaturen batera.
Emakumeen abortatzeko eskubidea da, hain zuzen, aurtengo martxoaren 8ko, Emakumeen Nazioarteko Eguneko, aldarrikapen nagusietako bat Hego Euskal Herrian. Abortatzeko askatasuna eta osasun sistema publikoan abortatzeko eskubidea eskatzen dituzte.
Zentro publikoetako eta pribatuetako abortu kopuruaren arteko aldea deigarria da; berez, Hego Euskal Herrian, legezkoa baita hiru salbuespen kasutan abortatzea: haurdun dagoen emakumearen egoera fisikoaren edo psikikoaren arrisku larria saihesteko bada; haurdunaldia bortxaketa baten ondorioa bada; eta umekiak huts fisiko edo psikiko larriak izango baditu. Ipar Euskal Herrian edozein baldintzatan aborta daiteke, umekiak 12 aste dituen bitartean.
2006an, 13 osasun zentrok egin zituzten abortuak Hego Euskal Herrian: bik Araban, bostek Gipuzkoan eta seik Bizkaian. Bakar batek ere ez Nafarroan. 13 osasun zentro horietatik sei publikoak dira eta zazpi pribatuak. Nafarroan abortuak egin ahal izateko klinika pribatu bat irekitzeko bidea hasi dute.
Tere Saez berdintasun teknikari eta Andrea kolektiboko kidearen iritziz, abortu gehienak zentro pribatuetan egiteko arrazoia garbia da: «Zentro publikoetan abortatzeko dauden oztopoak etengabeak dira, eta emakume asko ez daude horiek pasatzeko prest». Oztopo horien artean daude lortu beharreko mediku txostenak edota medikuen kontzientzia eragozpena.
ZAILTASUNAK. Amaren osasunaren arriskuan oinarritutako abortuak egiteko medikuaren txostena behar da. Saezek nabarmendu du osasun sistema publikoetan, askotan txostenak emakumeen kontrakoak direla. Edo zenbait kasutan, bikoteen arteko arazoetan erabiltzen direla: «Emaztearengandik bereizteko, edo, genero indarkeria kasuetan, emakumea ez zegoela burutik ondo esateko».
Osasun zerbitzuetako langileen kontzientzia eragozpen eskubideari dagokionez, Maria Kutz Nafarroako Osasun kontseilariaren esanetan, Nafarroan ez dago abortuak egiteko prest dagoen medikurik. Saezek ukatu egin du, zenbaitek publikoki adierazi baitute horretarako prest daudela, «jazarpena jasan behar duten arren». Saezek profesionalen erregistro bat eskatu du, «errealitatea ezagutzeko». Eta «moral bikoitza» saihesteko: «Sistema publikoan kontzientzia eragozle izatea eta pribatuan nahi dutena egitea».
Profesionalen kontzientzia eragozpena eta emakumeen abortu eskubidea «elkartu» egin behar direla eta Administrazioak abortu eskubidea bermatu behar duela nabarmendu du Saezek: «Gaur egun zentro publikoetan ez dago bermatuta eta emakume bakoitzak ahal duena egin behar du».
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan haurrak edukitzeko adina zuten -15-44 urte artean- mila emakumetik ia seik (5,99) abortatu zuten 2006an, Nafarroan 5,31k . Kopurua bikoiztu egin da hamar urtean.
Haurdunaldiak amaren osasun fisikoan edo psikikoan eragin dezakeen arriskua da abortatzeko arrazoi nagusia: kasuen %74,78 Araban, %91,86 Nafarroan, %93,79 Gipuzkoan eta %95,07 Bizkaian. 2006an ez zen izan bortxaketaren batek eragindako aborturik.
Berez, amaren osasun fisikoan edo psikikoan oinarritutako abortuek ez daukate denbora mugarik. Hala ere, Hego Euskal Herrian abortu gehienak umekiak 12 aste bete baino lehen egin ziren 2006an: 3.237 abortuetatik 2.883, hau da, %89,06.
Espainiako Abortuaren Legeaz hitz egiten da 1985ean onartutakoari buruz hitz egitean. Baina berez, ez da Abortuaren Legea, Abortua Despenalizatzeko Legea baizik.
PSOE-K AGINDUTAKO ALDAKETARIK EZ. Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak abortuari buruzko legeria aldatuko zuela-eta haurdunaldiaren epeetan oinarritutako legea agindu zuen 2004ko hauteskunde programan. Lau urte pasatu dira, eta Espainiako Gobernuak ez du aldaketarik egin. Are gehiago: biharko hauteskundeetarako programan ez du aipatu ere egin, eta PSOEk epeetan oinarritutako sistemaren kontra bozkatu zuen Espainiako Kongresuan.
Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako presidenteordeak aurtengo otsailean esan zuen ez dagoela «eskaera handirik» legea aldatzeko. Tere Saezek, aldiz, uste du abortua errealitate bat dela eta lege berria baten bitartez erantzun behar zaiola: «Abortu eskubidea eta osasun sistema publikoak babestua bermatzeko, inor kriminalizatu gabe». Legeak abortatzen duten emakumeei, medikuei eta klinikei eskaintzen dien «babes falta» aipatu du, hain zuen, Oihana Lopez Nafarroako Abortatzeko Eskubidearen Aldeko Batzordeko kideak. «Legea tranpa bat da, legearen ondorio da azken hilabeteetan abortuak egiten dituzten klinikak eta medikuak susmopean egotea edota emakumeen osasun txostenak Poliziaren esku egotea».
Saezek haurdunaldiaren epeetan oinarritutako abortuaren lege bat eskatu du. «Europan horrek funtzionatzen du». Ez du eperik aipatu. Europan umekiak 12 aste eduki arte egin daiteke herrialde askotan, beste baldintzarik gabe.
Arazoaren ikuspegi osoa duten herrialdeei begiratu behar zaiela dio Saezek, haurdunaldia jarraitzea erabakitzen duten emakumeei laguntzen dietenei.
«Abortu bakoitza porrot bat da», Lopezen iritziz. Abortuari buruzko eztabaidak sexu heziketari eta prebentzio neurriei buruzkoa estaltzen du sarritan. Saezek nabarmendu du, Nafarroan, abortuaren kontra daudenak direla biharamuneko pilularen, antisorgailuen banaketa publikoaren eta sexu heziketarako aholkularitza zentroen kontra dauden berak. «UPNk, nonbait, kastitatea nahi du, baina hori ez da erreala», dio Lopezek.
[email protected]
«Zentro publikoetako oztopoak etengabeak dira, eta emakume asko ez daude horiek pasatzeko prest»
tere saez
berdintasun teknikaria, andrea-ko kidea
«Legea tranpa bat da, legearen ondorio daklinikak eta medikuak susmopean egotea»
oihana lopez
nafarroako abortuaren aldeko batzordea