Abortuen kopurua gutxitzeko, neurri zerrenda bat aurkeztu du UPNk Espainiako Kongresuan. Besteak beste, proposatu du abortatzera doazen emakumeei fetuen argazkiak erakustea.
"Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio dute", adierazi du UPNko diputatu Carlos Salvador Armendarizek, kongresuan aurkeztu duen txostenean: "Gure gizartean, ikusten ez dena ez da esistitzen".
Berez, Sexu eta Erreprodukzio Osasunaren eta Haurdunaldia bere Borondatez Eteteko Lege Organikoa aldatzeko proposamen bat aurkeztu du UPNko diputatuak. Zehazki, abortatzera doazen emakumeei eman beharreko informazioen artean fetuaren ekografia bat ere sartzeko eskatu du.
Amek eta aitek "zentsurarik gabe" erabaki ahal izango lukete, era horretan, abortatu edo ez, Armendarizen hitzetan. Ekografia hori emateak ez luke emakumea ezertara hertsatuko, haren ustez.
UPNk aurkeztutako aldaketaren arabera, emakume haurdunek jasotzen dituzten laguntzei buruzko, "sexu seguruari" buruz informazioa ematen duten zentroei buruzko eta abortatu aurretik andreei "aholku" ematen dieten zentroei buruzko informazioa ere eman beharko litzaieke abortatzera doazenei, "gutun itxi batean", ekografiarekin batera.