GIZARTEA

Abortuaren lege aurreproiektua "lehenbailehen" atzera botatzeko eskatu du Gipuzkoak

Foru aldundiak salatu du PPren egitasmoak "infantilizatu" egiten dituela andreak, eta "desobedientzia aktiborako deia" egin dio Eusko Jaurlaritzari.

2013ko abenduaren 26a
14:07
Entzun

Espainiako Gobernuak onartutako abortuaren lege aurreproiektuaren kontrako adierazpen instituzionala onartu du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak. Iragan larunbatean onartu zuen Ministroen Kontseiluak Kontzebituaren Bizia eta Haurdunaren Eskubideak Babesteko Lege Organikoa.

"Dudarik gabe, azaldutako erreformak, Espainiako Estatuak ezarritako mugarri lotsagarrienetako bat protagonizatu du, emakumeen giza eskubide gisa onartutako eskubide sexual eta erreproduktiboen aurka", azaldu du Gipuzkoako Diputazioak, eta salatu erreformak "infantilizatu" egiten dituela emakumeak, abortatu ahal izateko, "beste batzuekiko dependentzia" ezarriz.

Diputazioak uste du PPren egitasmoak andreak "iraindu eta mespretxatu" egiten dituela, euren borondatearen aurka "ama izatera behartuz". Aurreproiektua atzera botatzeko eskatu dio Madrili, eta babesa adierazi "emakumeen doako abortua bermatuko duen arautze bati".

Halaber, Jaurlaritzari dei egin dio "desobedientzia aktibora", eta babesa adierazi dio erreforma ezar ez dadin "estrategia guztiak" bilatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.