Bi artikulu baino ez dauzka abortuaren legea aldatzeko lege proposamenak. PSOEren gobernuak 2010ean onartutako arauko puntuetako bat moldatzea izango dute xede: 16 eta 17 urteko emakumeek gurasoen baimena eduki beharko dute haurdunaldia eten ahal izateko —egun ez dute baimenik behar, baina gurasoak jakinaren gainean jarri behar dituzte, gazteek bortizkeria jasan dezaketenean izan ezik—.
Azken hiru urteotan eztabaida handia eragin du abortuaren legearen erreformak PPren barruan. Justizia ministro ohi Alberto Ruiz Gallardonen egitasmo izarra izan da: 1985ekoa baino lege murriztaileagoa aurkeztu zuen 2013ko abenduan, baina, ados jarri ezinda, proiektua alboratu egin zuen gobernuak iazko udan, eta dimisioa eman zuen ministroak irailean. Erreforma mugatuago bati ekingo dio orain PPk: epeen sisteman ez du eragingo —haurdunaldiaren hamalaugarren astera arte libreki eta azalpenik eman gabe aborta daiteke Hego Euskal Herrian—, baina adingabeei gurasoen baimena eskatuko die abortatzeko.
EAJko diputatu Joseba Andoni Agirretxeak azaldu du alderdi horrek aztertu egingo duela proposatutako aldaketa. Gogorarazi du EAJk indarrean dagoen Abortu Legea babestu zuela baina desadostasunak agertu zituela orain PPk aldatu asmo duen puntuetan.
PPren talde parlamentarioak aurkeztu du erreforma, Kongresuan, baina Espainiako Osasun eta Berdintasun ministro Alfonso Alonsok iragarri du, elkarrizketa batean. “Hauteskunde programako berariazko konpromiso bat beteko du erreformak”, adierazi du. Gogora ekarri du, halere, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ebazteke dituela PPk 2010eko legeari jarritako helegiteak: “Konstituzionalaren doktrina zuzentzen ez den arte, gaia ez da itxita egongo”.
PPko bozeramaile Rafael Hernandok ere esan du “gizarte adostasuna” bilatzeko asmoa duela ekinbideak. Eztabaidari azkar ekiteko asmoa ere berretsi du: martxoa amaitu baino lehen onartu nahi dute lege proposamena.