GIZARTEA

Abortuaren Legea behin betiko onartu du Espainiako Senatuak

Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta lau hilabetera sartuko da indarrean legea. 14. astera arte askea izango da abortua, eta 22.era arte baldintzak bete beharko dira. 16 urtez aurrerakoek gurasoen baimenik gabe abortatu ahalko dute, baina adingabeen gurasoei abortuaren berri eman beharko zaie.

2010eko otsailaren 24a
18:26
Entzun
Espainiako Senatuak onartu du Haurdunaldiaren Borondatezko Etenaren eta Sexu eta Ugalketa Osasunaren Lege Organikoa, eta lege proposamenak amaitu du Parlamentuko ibilaldia. BOE Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratzen dutenetik lau hilabetera sartuko da indarrean. Lege proposamenari aurkeztutako 88 helegiteak atzera bota ditu Senatuak. 132 boto izan dira legeak aurrera egitearen aldekoak, 126 aurkakoak, eta bakarra abstentzioa.

Lege berria onarturik, Hego Euskal Herrian abortua askea izango da haurdunaldiaren 14. astera arte. Epe sistema bat du funtsean legeak, haurdunaldiaren asteen araberakoa. Hala, 14. astetik 22.era bitartean, amaren bizia edo osasuna -fisikoa, psikikoa zein soziala- arriskuan badaude soilik abortatu ahalko da, betiere mediku baten eta espezialista baten aldeko txostenarekin. 22. astetik aurrera, berriz, ez da abortu kontzeptua erabiliko, fet bideragarria delako. Bi egoeratan etengo da haurdunaldia aldi horretan: fetuak gaixotasun larri eta sendaezina duenean, edo jaiotzean heriotza eragingo dion arazoren bat duenean.

Epeena ez ezik, adingabeen auzia izan du zalaparta iturri lege berriak. Aurrerantzean, 16 urtetik aurrerakoek gurasoen baimenik gabe abortatu ahalko dute. Hori bai, adingabeen gurasoei jakinarazi beharko zaie abortuaren berri, ezinbestean.

Osasungintza publikoak eskainiko du abortua, eta autonomia erkidego guztiak daude behartuta hori egitera. Kontzientzia eragozpena aintzat hartzen du legeak, eta horri heltzen dioten medikuen zerrenda egiteko eskatzen du. Orain arte, emakumeek trabak izan dituzte Nafarroan abortuak egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.