EUSKAL HERRIA

Absolbitu egin dituzte Gasteizen kalejira batean aritzeagatik auzipetutakoak

Euskal presoekiko elkartasunez egin zuten kalejira, eta ETA goratzea leporatuta epaitu zituzten Auzitegi Nazionalean.

Auzipetuekiko elkartasunez aurten otsailean egindako kalejira. RAUL BOGAJO, ARGAZKI PRESS
2014ko martxoaren 14a
12:49
Entzun

Auzipetuek epaiketan argudiatu zuten elkartasuna adieraztea ez dela delitu, eta euren helburua sakabanaketa politika amaitzeko eta presoak Euskal Herriratzeko eskatzea zela. 2012ko ekainaren 30ean izan zen kalejira. Fiskalaren arabera, presoen aldeko oihuekin batera "amnistia osoa", "euskal presoak etxera", "borroka da bide bakarra" eta "jo eta ke, irabazi arte" oihukatu zuten. Aurten, otsailean epaitu zituzten.

Urte eta erdiko zigorra eskatu zuen fiskalak hamahirurentzat eta bi urtekoa hamalaugarrenarentzat. Akusazioak —Dignidad y Justiciak—, berriz, urtebete eta zortzina hilabeteko zigorra galdegin zuen guztientzat. Epaileek, ordea, absolbitu egin dituzte. Epaiketan, auzipetuek salatu zuten presoen sakabanaketa "mendekuan" oinarritzen dela, eta nabarmendu preso eta senideen egoerarekiko "elkartasunez" parte hartu zutela kalejiran.

Agurtzane Izartza Hernandez, Ohiane Mikeo Zabalo, Erlantz Lopez de Okariz, Maria Jesus Aliaga Cuesta, Idoia Martinez de la Hidalga, Felisa Espinosa Murua, Lourdes Uribarri Larrañaga, Gorka Aurrezietxea Olano, Victor Manuel Perea Lopez, Ainhoa Bengoa Salutregi, Iker Vela Arostegi, Jagoba Apaolaza Castro, Iker Pastor Rodriguez eta Galder Ruiz Alvarado ziren auzipetuak. Esan zutenez, presoen senide eta lagun zirelako eraman zituzten haien aldeko argazkiak, eta ez erakunde armatua goratzeko.

Boto partikularra eman du Nicolas Poveda epaileak, eta, fiskalaren eta akusazioaren eskariekin bat eginez, auzipetuak zigortzearen alde azaldu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.