Apirilaren 14tik 21era bitartean epaituko dituzte bostak Madrilen, Ekineko kide izatea egotzita. Bi aste falta direla-eta, epaiketa iritsi aurretik martxan jarriko dituzten azken bi ekimenak aurkeztu dituzte. Orain arte, #aztnugaL kanpainaren bidez eman dute auziaren eta torturaren berri —Laguntza, alderantziz. Hala izenpetu zuen Arratibelek deklarazioa—, eta orain Espainiak "epaiketa politikoen indarkeria" amaitzeko beharra azpimarratu nahi dute, Mayok azaldu duenez.
Apirilaren 9an, Amaia Izko eta Iñigo Iruin abokatuek epaiketa politikoei buruz hitz egingo dute Iruñeko Kondestablearen jauregian, 11:00etan. Gainera, #aztnugal1000kaurpegi aurpegi ekimena aurkeztu dute; "auzi politikoen eta torturaren kontrako elkartasun ekimena". Argazkiak sareratzeko eskatu diete herritarrei, "auzi politikoak eta tortura betirako amai daitezen aldarri gisa".
Bestalde, maiatzaren 17tik aurrera epaituak izango diren Roxika Iriarte, Eneko Compains eta Joxe Aldasororekin batera, hurrengo egunotan Nafarroako bi instituzio garrantzitsuenekin harremanak eginen dituzte: apirilaren 6an parlamentuko lan saio batean egonen dira, beren egoera azalduz. Apirilaren 7an, berriz, Arartekoarekin eginen dute bilkura.
2011ko urtarrilean atxilotu zituzten. "Atxilotzean izan genuen sentipenetako bat izan zen ez ginela horrelako egoera batetik igaro ziren lehenak izan, baina azkenak izatea espero genuela", erantsi du Mayok. Horregatik, Espainiako Gobernuari, "edozein dela ere eta duen kolorea duela", adierazi diote "herri honetako gatazka politikoa konpontzeko pausoak emateko garaia" dela: "Uste dugu badela garaia estatuak eta gobernuak Euskal Herriko gatazkaren konponbidean dagokion erantzukizuna bere gain hartzeko".
Auzipetuek adierazi dute "absoluzioa ez den beste epairik" ez dutela espero, "independentista eta ezkerrekoa izatea ez delako legez kanpokoa".