Gazte auzipetuek salatu zituzten torturei buruz hitz egiten hasi du Iker Urbinak gaurko saioa. Fiskalak esan zuenaren kontra, tortura salaketak frogatu direla dio, Istanbulgo Protokoloari jarraituz. Testigantzak gogoratu ditu Urbinak: "Batzuek ezin izan diote negarrari eutsi". Gogoratu du auzipetuek auzi medikuei salatu zizkietela torturak, eta instrukzio epaileak ez zuela ezer egin.
"Froga gisara erabilitakoek ez dute frogarik", esan du abokatuak. Besteak beste, epaile aurreko deklarazioek ere ez dute balio, inkomunikatuta egin zirelako. "Auzitegi Konstituzionalak esana du hori epai batean". Polizien deklarazioak, berriz, "froga perizial" gisa hartu dituztela salatu du, "zientifikoak balira bezala, balorazio hutsak" direnean.
Segik gazte mugimendua "instrumentalizatzen" duela dioten txostenei buruz, berriz, aldez aurretik ezarritako ondorioak direla nabarmendu du Urbinak, diligentzietatik kanpokoak. "Deabruaren espirala" aipatu du: "X-ek egindako ekintza oro Segi da, X Segikoa delako. Parte hartzaile oro Segikoa da, ekintzak Segirenak direlako". Baina Segik gazte mugimendua "erabiltzen" zuela dioen argudioa dudan jarri du: "Nork, noiz, eta nola egin du instrumentalizazioa? Ez da frogatu" .
Gazteen defentsa orokorra egin ondoren, kasu bakoitzaren argudioak ematen ari dira abokatuak.
Fiskala eta defentsa, aurrez aurre
Fiskalak gazte auzipetuen kontrako argudioak eman zituen herenegun: ustez gazteek sufritutako torturak ez ziren behar bezala ikertu, baina polizia etxean egindako deklarazioak erabili ditu froga gisa. Ekitaldi publikoetan parte hartzen zuten gazteok, baina horiek Segiren helburuetarako erabiltzen zituzten. Horixe eman du argudiotzat gazteoi seina urteko espetxe zigorra eskatzeko.
Defentsak, berriz, "neurriz kanpoko zigorra" dela esan zuen atzo. Batetik, esan zuen "indarkeriazko elementurik" gabe horrelakorik ezin dela aplikatu, eta eman dituen adibide juridikoekin ondorioztatu du eskaerak Espainiako Konstituzioa urratzen duela. Hori dela eta, Auzitegi Konstituzionalera bideratzeko eskaera egin dio epaimahaiari.