Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteko bozeramaile Joseba Ezeolaza (Iruñea, 1979) kontent zen atzo. "Urrats historikotzat" jo zuen 1936ko biktimen inguruko legea onartu izana.
Ospatzeko eguna da gaur?
Nafarroako eta Espainiako gobernuetan agintzen duten alderdiek gurekin bat egin ez duten arren, gaur egun historikoa da. Batetik, oinarrizko eskaerak jasotzen dituelako legeak. Kontuan izan behar dugu 1936an 3.400 nafar hil zituztela, gerra fronterik ez izan arren. Legeak hori onartu egiten du. Bestetik, memoria historikoa berreskuratzeko urrats garrantzitsuak egin beharko dituzte erakunde publikoek, lege honen eskutik, besteak beste, DNA bankua egiteko proposamena jasotzen baitu. Hori oso garrantzitsua da. Gainera, hemendik aurrera, gobernuaren ardura izanen da oraindik desagertuta daudenen gorpuak bilatzea eta lur azpitik ateratzea. Hirugarrenik, biktimen aitorpen morala egiteko hainbat urrats onartzen da, adibidez, Sartagudako memoriaren parkea diruz laguntzea eta kontzentrazio esparruetan han izan ziren nafarren omenezko plakak jartzea.
Batzordean UPNk kontra bozkatu zuen, eta gaur abstenitu egin da. Zer deritzozu?
Nik uste dut UPNk bere botoa aldatu duela gizartearen presioaren ondorioz, eta gaur [atzo] 200 senitarteko etorri direlako parlamentura. Lege proposamena aintzat hartu edo ez erabakitzeko bozketan ere ezezko boza eman zuten.
Hamar urteko bidea egin du zuen elkarteak jada. Zuen lanak ere eragin dio UPNri?
Nik uste dut baietz, etengabeko lana izan baita gurea. Eta hamar urteotan, gainera, gure bidean giltzarri izan diren hainbat gauza izan dira. 2003an, fusilatuen aldeko adierazpena onartu zuen parlamentuak. Eta 2008an, berriz, Sartagudako memoriaren parkea zabaldu genuen. Orain onartu den legea da orain arteko hirugarren giltzarria. Hirurak dira urrats historikoak. Ziur naiz hemendik 20 urtera halakotzat joko ditugula, baina uste dut gaurtik aitortu behar diegula duten garrantzia.
Ezkerrako Txema Mauleonek erran dio Yolanda Barcinari ez dela izan nafar guztien ordezkari. Zer deritzozu?
Hala da. Gaurko [atzoko] bozketaren emaitzak gizartetik urrundu egin du UPN. Biktimen ondoan egon behar zuen. Abstentzioa ez da nahikoa. Jarrera anbiguoa da. Javier Caballerok erran du ulertzen duela senitartekoen sufrimendua, desagertutakoak bilatzeko beharra dagoela. Hala bada, zergatik ez dute alde bozkatzen? Zuzenketak aurkezteko aukera ere bazuten, baina ez zuten egin.
Legea betetzea falta da orain. Zer itxura hartzen diozue?
Bai, garatu eta bete beharko dute. Gu erne egonen gara gobernuak legea bete dezan.