AHT

Aburto: «Behin-behineko geltokia... iruditzen zait betiko izango dela»

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak adierazi du lur gaineko behin-behineko AHTaren geltokiaz hitz egiteko, lur azpikoa bermatu behar dela.

Abandoko tren geltokia. JT CURSES
2021eko ekainaren 16a
12:11
Entzun

Juan Mari Aburto Bilboko alkateari ez zaio betere gustatu Eusko Jaurlaritzak AHTaren Bilboko eta Gasteizko geltokietarako aztertzen ari den aukera. Bingen Zupiria bozeramaileak atzo jakinarazi zuenez, lur gaineko behin-behineko geltokiak eraikitzea ari dira aztertzen. Aburtok gaur Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan adierazi du aukera hori aztertzeko prest dagoela, betiere lur azpiko behin betiko geltokiaren eraikuntza bermatzen badute beste erakundeek. Baina mesfidanti agertu da Eusko Jaurlaritzak esandakoarekin. «Lur gaineko eta behin-behineko geltoki hori, behin-behinekoa izango delako hori... niri iruditzen zait betiko izango dela. Eta horrek asko kezkatzen gaitu», adierazi du Aburtok.

Lur gainean behin-behinean geltoki bat egitea aukera ez du baztertzen Bilboko alkateak, baina hiriarentzat lur azpikoa eraikitzea zer garrantzitsua den azpimarratu du. Horregatik lur gainekoa egiterako, lur azpikoa bideratu nahi du. «Prest nengoke aukera horretaz hitz egiteko, posible bada aldi berean behin-behineko geltokia egitea lur gainean eta behin-betiko lur azpikoa geltokiaren proiektua ematea». Aburtok, gainera, gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak hitzartuta dutela jada Abandoko lur azpiko geltokia eraikitzea.

Aburtok lehenago esan izan du Iñaki Arriola Garraio sailburuak aurkeztu zuen B plana onartezina dela. Zupiriak atzo esan zuen lur azpikoa dela aukera bakarra AHTa Bilbora eramateko, baina behin behineko aukera aztertzen ari direla gaineratu zuen. Bilboko Udalak, baina, Abandoko geltokia dagoen lekurako plan urbanistiko bat du prest, eta hori gauzatzeko geltokia lur azpian egitea behar du. «30 urte daramatzagu trenik gabe eta trena behar dugu, proiektu hori behar dugu. Espainiako Gobernuaren konpromisoa behar dugu», gaineratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.