Juan Maria Aburto Bilboko alkatea EH Bilduri, Goazen eta UdalBerriri mintzatu zaie, koalizio horiek Bilbon zezenketen aurkako manifestazioarekin bat egin ostean. Aburtok salatu du horiek gobernatzen duten hirietan, "Iruñean eta Madrilen", zezenketa eta entzierrotara joaten direla, eta Bilbon, berriz, "eztabaida artifizial bat" sortu nahi dutela. "Kutsu politikoa du".
Abuztuaren 27an izango da zezenketen aurkako manifestazioa, Zezenketen Aurkako Bizkaiko Taldeak deituta. "Bilbon, zezenketetara joan nahi dutenak joango dira, eta nahi ez dutenek gauza asko izango dituzte egiteko", adierazi du Aburtok Onda Vasca irratian egin dioten elkarrizketan.
"Eztabaida sortu behar bada, sor dadila. Jendea zezen plazara joaten ez bada, erori egingo da ikuskizuna", gaineratu du. Edonola, adierazi du Iruñean eta Madrilen ez dagoela arazorik zezenketekin. Manifestazioarekin bat egin dutenei leporatu die gobernatzen ez duten hirietan lasaitasuna aztoratu nahi izatea.
Azaldu du Bilboko zezenketetarako txartel salmenta oso bizia izaten ari dela astearte, asteazken eta ostiralerako.