Sorreratik aldarrikatu du GuraSOS elkarteak herritarrek Zubietan eraikitzekoak diren erraustegiaren gaineko eztabaidan parte hartu behar dutela. Horregatik, "demokraziaren, eztabaidaren eta adostasunaren" aldeko jaialdia izango da Abuztock. Irailaren 4an egingo da, Donostiako Kristinaenea parkean.
"Herritarrak eta haien oinarrizko eskubideak auziaren erdigunean jartzea" da, antolatzaileen esanetan, jaialdiaren helburua. Kultur eta gizarte arloko herritar ugarik parte hartuko dute ekitaldian: Garbiñe Biurrun epaileak, Pako Etxeberria auzi medikuak, Joxanton Artze idazleak, Oreka TX taldeko musikariek, Ainara Azpiazu ilustratzaileak, Haimar Zubeldia txirrindulariak... Nor bere arlotik arituko da oholtzan, baina guztiek egingo dute bat erraustegiaren aurkako eta oinarrizko eskubideen aldeko mezuarekin.
Abuztock "errebolta baketsua" izatea nahi dute antolatzaileek. Jaialdiaren izenarekin, 70eko hamarkadan iraultzaren eta bakearen ikur bihurtu zen Woodstock jaialdiari egin diote keinu.