Besteak beste, oporrak ez ordaintzeko hainbat kontratu eten egiten ohi dira, edo ez dira berritzen udako hilabeteetan. Hori izan daiteke, sindikatuen ustez, abuztuan Hego Euskal Herrian langabeziak azken bi hilabeteetan izandako goranzko joeraren arrazoietako bat. Atzera ia 100.000 dira Inemeko langabeen zerrendakoak, 99.394 zehazki. Uztailean baino 2.531 langabe gehiago. Biztanleria aktiboaren Espainiako INEren datuekin bateratuta, langabezia tasa %7,34an legoke Hegoaldean.
Herrialdeka, langabe gehien, nola ez,biztanleria handiena duen Bizkaian daude, 43.000tik gora. Hala ere, abuztuan langabeziaren igoera handiena, alde handiz Araban gertatu da, %6,18 hazi baita zerrendako langabeen kopurua. Nafarroan, aldiz, gutxiago ziren zerrendan baina jaitsiera oso txikia izan da, %0,11koa, 22 langabe gutxiagorekin.
Sektoreka, zerbitzuena da langabezia handiena duen alorra, ia 100.000 langabetatik 63.000 baitira zerbitzuetakoa. Industria doa atzetik langabe kopuruan, 19.000tik gora baitira.
Abuztuan zenbatutako ia 100.000 langabeetatik %60 emakumeak dira oraindik, 59.631. Eta gazteei dagokienean, Inemeko bulegoetan izena emandako 25 urte azpiko langabeak 8.014 ziren eta horietatik erdia baino gehiago gizonezkoak: 4.213.
KONTRATUEN %8 SOILIK MUGAGABEAK. Joan den hilabetean Hego Euskal Herrian egindako kontratuak 81.704 izan ziren eta horietatik soilik %8,15 mugagabeak, 6.667.
Kontratu mugagabe guztietatik, ordea, 886 bakarrik izan dira lanaldi osoko ohiko kontratu finkoak. Lanaldi partzialekoak beste 800 ingurura iritsi dira. Bidegabeko kaleratzeagatik kalteordain txikiagoa aurreikusten duten enplegua sustatzeko kontratuak, berriz, 669 izan dira.
Hori bai, enplegua sustatzeko kontratu horiek kalte ordain txikiago hori eta enplegatzailearentzat beste zenbait laguntza dakarte behin-behinean zegoen beharginari kontratu mugagabe hori egiten bazaio. Halakoak izan dira 6.667 kontratu mugagabeetatik 4.307. Horietatik zenbat diren lanaldi osokoak eta partzialekoak ez du argitu Inemek.
Erreformak erreforma, urte osoko joera ez da hautsi Hego Euskal Herrian. Urtarriletik abuztura artean guztira izenpetu diren 690.474 kontratuetatik 629.861 behin-behinekoak izan ziren, hots, %91 baino gehiago. Espainian berriz, kopuru pilatu hori txikiagoa da, %89,41ekoa.
Datu hori gaitzetsi du Euskadiko CCOOk eta enpresaburuek oraindik udako hilabeteak jarduera eten langileak kaleratzeko erabiltzen dituztela azaldu. UGT Euskadiren ustez, ez da lan erreformaren eragina behar beste igarri, beste erkidego batzuetan hirukoiztu egin baita mugagabe bihurtutako kontratuen zenbatekoa.
Abuztua arte Hego Euskal Herrian egindako kontratuen %8 soilik izan dira mugagabeak
Langabeziak goranzko azken joerari eutsi dio eta Inemeko zerrendetan 2.531 langabe gehiago daude
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu