Ruz epaileak deituta, Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu du gaur Angel Acebes PPko idazkari nagusi ohi eta Espainiako ministro ohiak, inputatu gisa. Espainiako Poliziak PPren B kutxako diruarekin Libertad Digital komunikabidearen akzioak erosteko baimena eman izana leporatu dio Acebesi. Epailearen aurrean esan duenez, ordea, ez zekien PPn B kutxa bat zegoenik, ezta kutxa horretako funtsak Libertad Digitalen akzioak erosteko erabiltzen zirenik ere.
Goizeko 10:05etan utzi du Acebesek Auzitegi Nazionala, deklaratu ostean. Kalean "lapurra" eta "lotsagabea" bezalako oihuak bota dizkiete hainbat pertsonak.
Luis Barcenas alderdiko diruzain ohiak —kartzelan preso dagoenak— eman zion horren berri Ruz epaileari: esan zion Acebesek 400.000 euro erabiltzeko baimena eman zuela 2004. urtean. Barcenasek esan zuenez, ministro ohiak B kutxako diru hori erabiltzeko baimena eman zion Alvaro Lapuerta PPko diruzain ohiari. Azken hori ere inputatu du epaileak, eta gaur ere deklaratu du Auzitegi Nazionalean.
Rajoyren barkamen hitzak
Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuak barkamena eskatu du PPren izenean, hainbat kargutarako "duinak" ez ziren pertsonak aukeratzeagatik. Ustelkeriaren kontrako azken operazioan atxilotutakoez mintzatu da Espainiako Senatuan.
Nabarmendu du auzi horretan ikertuak izaten ari diren PPko kideei militantzia bertan behera utzi zaiela, eta ohartarazi du inputazioak berresten badira, kanporatu egingo dituztela. Dioenez, ulertzen du herritarrak "bekaiztuta" egotea, ustelkeriarekin lotutako zenbait kasu argitara atera ondoren.