Adanero: "Konbentzituta nago UPN izango dela gehien bozkaturiko indarra"

2014ko azaroaren 21a
16:01
Entzun

Seguru mintzatu da Carlos Garcia Adanero UPNko bozeramailea, behin Navarrometro inkestaren emaitzak argitaratuta: "Maiatzean ariko bagina hauteskundeen emaitzaz mintzatzen, kezkatuko nintzateke, baina azaroa da, eta inkesta batez ari gara". Edonola, inkestak UPNrentzat aurreikusten duen hondoratzea "aztertzeko modukoa" dela uste du Garcia Adanerok, eta 2011n UPN bozkatu zutenak "konbentzitzeko" lana egingo dutela adierazi du.

Juan Jose Lizarbe PSNk Nafarroako Parlamentuan duen eledunak ez du "oso sinesgarritzat" jo inkesta. Emaitzak "errespetuz" hartu nahi izan baditu ere, zalantzak agertu ditu datuen inguruan, batez ere UPNrentzat aurreikusitakoen inguruan: "ezin dut sinetsi eskuina hautesleen %10era murriztu izana". PSNri dagokionez —bost eserleku aurreikusten ditu inkestak, eta bederatzi lortu zituen 2011n—, datuek adierazten duten baino emaitza "askoz zabalagoa" espero du Lizarbek.

Patxi Zabaleta Aralar-NaBaiko bozeramailearen arabera, Nafarroan aldaketa politikorako borondatea du "gehiengo zabal batek", eta, horregatik, inkestan gehien "zigorturiko" alderdiak izan dira "erregimenari eusten diotenak". Beharrezkotzat jo du aldaketaren alde dauden alderdien arteko akordio bat: "Nafarrek ez lukete ulertuko aldaketarako akordiorik ez balego". Bilduko Maiorga Ramirezen ustetan ere, inkestak "argi" erakusten du gizarteak transmititzen duen "aldaketaren beharra".

Ildo beretik mintzatu da Jose Miguel Nuin Ezkerrako eleduna; uste du "zazpi urteko krisi baten ondoren" beste zerbait espero izatea "engainatzea" izango litzatekeela.

Ana Beltran Nafarroako PPren bozeramailearentzat "oso harrigarriak" dira inkestaren emaitzak. Gaineratu du "arraroa" egiten zaiola Nafarroako "zentro-eskuinak 23 eserleku izateari utzi eta bederatzi bakarrik izatea". Horrekin batera, gogoratu du inkesta egin zen egunetan ustelkeriaren inguruko kasu "eskandalagarriak" atera zirela argitara.

Podemosek Twitter bidez zabaldu du mezua:

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.