Sanferminak

Adarkatu bat eta zazpi zauritu

Entzierro arriskutsua izan da bigarrena. Jose Cebada Gago ganadutegiko sei adardunak sakabanatuta iritsi dira zezen plazara eta zezen batek bakarrik egin du ibilbide gehiena. Zezen plazan gazte batek arriskua eragin du eta zezenak adarkatu du. Guztira zortzi korrikalari zauritu dira.

2011ko uztailaren 8a
12:59
Entzun


Sanferminetako bigarren entzierroa korritu da gaur, Jose Cebada Gago ganadutegiko zezenekin. Ziztu bizian igo dute adardunek Santo Domingo aldapa eta zezenak berehala joaldunen aurretik jarri dira. Udal plaza elkarturik baina ilaran pasa dute. Korrikalari bat adardunen aurrean erori da, eta gainetik pasa zaizkio.

Taldeko gaztain koloredun zezena erori egin da Mercaderes kalearen hasieran eta bakarrik gelditu da orduan; erorikoan, gainera, ezkerreko paretari begira geratu da, eta hor zutik zeuden ikusleek hanka egin behar izan dute. Gainontzeko zezenak eta joaldunak aurrean jarraitu dute baina Estafetan zatitu egin da taldea.

Aurrean bi zezen beltz eta joaldun bi joan dira eta atzetik beste hiru zezen beltz eta gainontzeko joaldunak. Lasterketa politak ikusi ahal izan dira, zezenen arteko banaketak tartean sartzeko aukera eman baitie korrikalariei. Hankapetuak egon dira eta ustekabeak, baina zezen plazara sartu dira eta berehala ukuiluan ziren bost zezenak.

Izua atzetik bakarrik heldu zen azken zezenak eragin du. Plazan gazte batek dei egin dio ukuiluetara sartzera zihoala eta harrapatu eta adarkatu egin du. Azkenean unaiek lan handia egin dute eta ukuilurako bidea hartu du.

Adarkada bat, zezen-plazan

Nafarroako Ospitaleko osasun arduradunek jakinarazi dutenez, hain zuzen, gazte horrek jaso du gaurko entzierroko adarkada bakarra, izterrean. Ospitalera eraman dute, eta han ebaketa egiten ari zitzaiola esan dute.

Gazte horrekin batera beste zazpi pertsona ere eraman dituzte ospitaletara, tartean zezenek adar puntarekin jo duten bat. 21 urteko estatubatuar bat da adarrarekin zezenek eskuin hankan jo dutena, Estafeta kalean. Ez da adarkarik izan, ordea, eta zauria ez a australiarrarena bezain larria.

Beste sei zaurituetatik hiru aurpegian kolpeak jasota eraman dituzte, eta beste bat Merkaderes kalean gerrialdean beste kolpe bat jasota.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.