Zezenketak

Adarretatik eusteko garaia

Bi urteko etenaldiaren ostean, Donostiako Aste Nagusian zezenketak izango dira berriro ere. Udal gobernu berriak berekin ekarri duen lehen aldaketatako bat izan da hori. Zezenketen aurkako taldeek "atzerapausotzat" dute.

Askekintza Animalista taldeen protestak zezenketen aurka, artxiboko irudian. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
Eider Goenaga Lizaso.
2015eko uztailaren 31
17:04
Entzun

Bi urte. Horixe da Donostiako Illunbeko zezen plazan zezenketarik egin gabe igaro den denbora. Donostiako Udalak (EH Bildu) 2013an iragarri zuen ez zuela gehiago itunik sinatuko Illunben zezenketak egiteko eta, udal egoitza bat den heinean, ez zutela gehiago helburu horrekin alokatuko. 2013 eta 2014ko Aste Nagusian ez zen zezenketarik izan.

Gero eta gehiago ari dira horrelakoak gertatzen. Maiatzeko udal hauteskundeen ostean hainbat udalek iragarri dute gauza bera; esate baterako, Coruña (Galizia), Pinto (Madril) eta Gandia (Valentzia, Herrialde Katalanak). Baina udal hauteskundeetan Donostian izan den aldaketak kontrako norabidea hartu du. EAJk eta PSE-EEk osatutako udal gobernuak hartutako lehenengo erabakietako bat izan baita Illunbe zezenketak egiteko alokatzea. Ekainaren 13an osatu zen gobernu berria, eta hilaren 21ean iragarri zuten Aste Nagusian zezenketak izango zirela.

Zezenketak abuztuaren 13, 14, 15 eta 16an izango dira, eta Chopera familiaren enpresak antolatuko ditu, hura izan baitzen zezen plaza alokatzeko eskaera egin zuen bakarra. Hauteskundeak baino lehenago aurkeztu zuen eskaera Choperak, eta hauteskunde ostean egoera aldatuko zen esperantza agertu zuten Manuel Chopera enpresako ordezkariek: "Gu beti borrokatuko gara zezenak gure hirira itzul daitezen, eta uste dugu egungo gobernuaren balizko irteerarekin zaleei ilusioa itzuli ahal izango diegula, berriro ere Aste Nagusiko zezenekin gozatzeko" —Hitza kontaktuan jarri da Choperakoekin, zuzenean haien iritzia jasotzeko, baina ez dute erantzunik eman—.

Izagirre eta Goia

Harridurarik ez du eragin erabakiak zezenketen kontrako taldeengan. Espero zuten, eta hala adierazi diote Gipuzkoako Hitza-ri bai Eguzkiko Martin Ansok eta baita Donostia Antitaurinoa Orain plataformako Nora Barraguesek. Penatuta ikusten dute, ordea, EH Bilduren gobernuak "ausardiaz" hartutako erabaki hura, zezenketak ez baimentzea, atzera botatzea. Donostiako alkate ohi Juan Karlos Izagirrek ere aste honetan zabaldu du gaiari buruzko iritzia, Facebooken. "Atzerapausorik ez Donostian. Zezenketarik ez! Hau al da 2016an Europari erakutsi nahi diozuen euskal kultura? Hau al da hiriaren eredu ekonomiko, sozial eta kulturalaren aldaketa? Tratu txarrak eta tortura ez dira kultura!".

Eneko Goia Donostiako alkateak hainbat arrazoi eman izan ditu zezenketak berriro Illunbera itzul daitezen. Besteak beste, honako hau idatzi zuen hauteskunde kanpainarako bere proposamenak jasotzen zituen Bestelako Donostia idatzian: "Zezenena legezko jarduera denez, posible izan beharko luke zezenketak ospatzea horretarako eraiki zen azpiegitura batean. Ez dut uste udaletik muga gehigarriak jarri beharko genituzkeenik instalazio hau erabiltzeko. [...] Ez du ez hanka eta ez bururik geure buruari mugak jartzen dizkioten erabakiak hartzea, gure inguruan zezenketak eskaintzen diren bitartean".

Zezenketak bai edo ez, eztabaida hori beste eremu batean egin behar dela dio Goiak, ez baita udal eskumena zezenketak debekatzea. Hala ere, donostiarren iritzia kontuan hartzeko asmoa agertu zuen kanpainan: "Nire iritziz, egoera honetatik irteteko modu bat da hiritarrei kontsultatzea instalazioaren etorkizunaren inguruan, donostiarrei argi eta garbi galdetzea Illunbek zezenketa ikuskizunak eskaintzeko ahalerekin jarraitu behar duen ala ez, eta horren arabera jokatzea".

Eztabaida, eztabaida faltaz

Galdeketa egiteko asmorik, ordea, ez da oraingoz mahai gainean jarri. Hain zuzen ere, gaiari buruzko eztabaida "bahitzea" egotzi dio EH Bilduk udal gobernuari. Udal batzordeak egin zituzten joan den astean Donostiako Udalean, eta EH Bilduk hainbat galdera egin zituen zezenketen inguruan —besteak beste, diru publikoa erabiliko ote duten edo udal langileek zezenketen inguruan lanik edo ardurarik izango ote duten—. "Udal gobernuak ez du gure galderetatik bakar bat ere erantzun, eta eztabaidarako aukera zapuztu du". Ernesto Gasco bozeramaile sozialistak zezenketekin "obsesioa" duela erantzun zion EH Bilduri, eta "eztabaida faltsu bat" ireki nahi dutela.

Ildo horretan, EH Bilduko eledun Amaia Almirallek esan du zezenketak ez direla Donostia 2016 aurkezteko jarduera aproposena. "Eta ezin dugu ahaztu dagoeneko 12.000 sinadura bildu direla hirian zezenketen aurka".

EH Bildurekin bat dator sinadurak biltzen ari den Donostia Antitaurinoa Orain plataformako ordezkari Nora Barragues. "Zezenketak antolatzeko baimenak korrika eta presaka egin dira, zezenketak gelditzeko edozein ekintza gauzatzeko denborarik ez emateko". Gauzak horrela egiteak arrazoi bat du, haren iritziz. "Eztabaida udaletxera iristea eragotzi nahi zuten, eta horregatik uste dugu udalak zikin jokatu duela". Udalak eztabaida irekitzeko prest dela esan arren, Barraguesek uste du orain arte ez dutela egin. "Ikusiko dugu aurrerantzean zer gertatzen den".

Eguzkiko Martin Ansok uste du aurretik erabakita zegoela zezenketak Donostiara itzultzea. "Bistan da orain dela hilabete batzuk hitzartua zutela. Eta hori hala da, ez guk esaten dugulako, baizik eta prentsa espezializatuak ere hori iragartzen zuelako. Espero genuen, beraz, gobernu aldaketarekin hau etorriko zela".

Illunbe, merkeago

Eguzki oso kritikoa da udalaren jokaerarekin, erraztasun guztiak eman dituztelako zezenketak itzul daitezen. "Kontuan hartu behar da, gainera, EH Bildu gobernuan zela EAJk, PSEk eta PPk onartu zutela Illunbeko alokairuaren prezioa jaistea zezenketetarako. %40 jaitsi zuten prezioa". Illunbe alokatzeko prezio publiko batzuk daude, eta Ansok dio zezenketentzako soilik jaitsi zutela alokairua. "Batez beste, guk kalkulatzen dugu udalak 14.000 euro gutxiago jasoko dituela". Udala, nolabait, "promotore" lana egiten ari dela ondorioztatu du Eguzkikoak, "ez diru laguntza zuzenekin, baina bai prezioak jaitsiz, hobariak emanez".

Goiaren arrazoibidea ez du ontzat jotzen Eguzkik. "Goiak esaten duenean Donostiako Udala ez dela nor zezenketak debekatzeko, arrazoi du; eta aurreko udala ere ez. Baina, aldi berean, esan behar da udala ez dagoela derrigortuta instalazio munizipalak uztera zezenketak egiteko, eta zezenak torturatzen uzteko", dio Ansok. Bestalde, Goiari argi hitz egiteko eskatu dio. "Zezenketak babesten baditu, esan dezala argi, 'bai, bai, gu zezenketen aldekoak gara'. Baina badirudi nolabaiteko lotsa sentitzen dutela edo".

Goiak aipatutako galdeketaren inguruan, Barraguesek ondo ikusiko luke herritarrei galdetzea. "Ni, pertsonalki, alde nago; gainera, nahiko ziur nago Gipuzkoako eta Donostiako herritarrak zezenketen aurka gaudela. Baina, galdeketa egin eta zezenketen aldekoa aterako balitz ere, nik animalien eskubideak defendatzen jarraituko dut, eskubideen gainetik ezin baitira gehiengoak jarri".

Ansok gogoratu du Odon Elorzak ere agindu zuela herritarrei galdetuko ziela Illunbe eraiki zenean. "Ez zuen ezer egin, baina hura zen galdeketak egiteko garaia". Halere, zezenketena "bere pisuz eroriko den zerbait" dela dio, "XXI. mendean halako ikuskizun batek ez baitu zentzurik".

Zezenketen kontrako bi taldeek "atzerapausotzat" dute Donostian gertatuko dena. "Estatuan gero eta toki gehiagotan ari dira kentzen zezenketak, toki batzuetan PSOEren babesarekin gainera. Eta ez bakarrik animalien eskubideak jokoan daudelako, baizik eta ekonomikoki ere errentagarriak ez direlako, zulo ekonomikoa direlako", dio Ansok. "Kontrako norabidean goaz; denak aurrera eta gu atzera", gehitu du Barraguesek.

Biak ere ados daude zezenketak ez datozela bat Donostiak saldu nahi duen irudiarekin. Europako kultur hiriburu izatea eta aldi berean zezenketak festetako programara itzultzea ez da bateragarria. "Animaliak torturatzea ez da kultura. Animaliei mina eragitea eta hil arte torturatzea ezin da kultura gisa ulertu. Kulturak errespetua sustatu behar du, bai pertsonekiko eta bai animaliekiko; ezin da onartu animalien sufrimendua pertsonen entretenimendurako erabiltzea".
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.