Adegi: "Fagorren egoerak enpresa gehiago ixtea ekarriko du"

2013ko azaroaren 4a
17:00
Entzun

Jose Miguel Aierza Adegi Gipuzkoako patronaleko idazkari nagusiaren arabera, "ez dago zalantzarik" Fagor Etxetresnen egoerak "beste enpresa batzuk ixtea" eta "Gipuzkoan langabezia tasa igotzea" eragingo duela. Aierzak "elkartasuna" adierazi die Fagor Etxetresnetako langileei eta Mondragon talde osoari, eta gogorarazi du Fagor Etxetresnak azken urteetan Gipuzkoan itxitako 2.500 enpresen "zerrenda luzera" batuko dela. Adegiko idazkari nagusiak nabarmendu duenez, azken urteetako itxieren ondorioz Gipuzkoan 50.000 langiletik gora geratu dira lanik gabe. Adegik, gaineratu du, EAEn 7.500 enpresa itxi dituztela krisia hasi zenetik, 180.000 langabe eraginez. 

Gainbehera horren atzean euskal industriak bizi duen "lehiakortasun krisia" dagoela uste du Gipuzkoako patronalak. Eta ohartarazi du enpresek "epe motzean neurri mingarriak" hartzen ez badituzte, are eta konpainia gehiagok jaitsiko dutela pertsiana datozen hilabeteetan. Lehiakortasun galeraren adibidetzat Tubacex konpainia arabarraren adibidea jarri du Aierzak. Tubacexek joan den astean iragarri zuen bere ekoizpenaren zati bat Kantabriara (Espainia) eramango duela. Besteak beste, soldata txikiagoak ordaindu ahal izateko hartu du erabakia konpainia arabarrak, eta Adegik ere gai horretan jarri du fokua: "Tubacexen erabakiak hausnarketara bultzatu behar gaitu, ikusi behar dugu zer ari garen txarto egiten". Aierzak argi du zein den arazoa, nabarmendu baitu EAE dela, "estatuan soldatarik handienak eta lanaldirik txikienak dituen eremua".  

Euskal enpresek balio erantsiaren aldeko apustua egin behar dutela uste du Adegik, baina lehenago lan arloan malgutasuna areagotu eta soldatak izoztu behar direla defendatu du. Nabarmendu du Tubacexena ez dela "Txinara edo Indiara" joateko deslokalizazio bat: "Euskaditik 100 kilometro baino gutxiagora joan joan dira".   

Fagorren laguntzak, "legezkoak"

Bestetik, Eusko Jaurlaritzak Fagor Etxetresnei emandako diru laguntza publikoen inguruan sortu den polemika "ulertezina" dela azaldu du Aierzak. Bere esanetan, "euskal administrazioak zailtasunak dituzten enpresentzako laguntza planak ditu, eta guztiz legezkoak dira eta Europako Batasunak gainbegiratzen ditu laguntzok".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.