Zentsura

Adierazpen askatasunaren aurkako erasoa salatu du Berri Txarrak-ek

Aragoiko PPk Zaragozan kontzertu bat ematea debekatzeko eskaerari erantzun dio musika taldeak.

Berri Txarrak, EHZ festibalean, uztailean. BOB EDME
2015eko irailaren 13a
09:54
Entzun

Irailaren 25ean Zaragozan (Espainia) jotzekoa da Berri Txarrak, NATOren eta bere maniobra militarren kontrako jaialdi batean. Berri Txarrak-en kontzertua debekatzeko eskaeraren aurrean, musika taldeak salatu du adierazpen askatasunaren kontrako erasoa dela hori, eta kantak mundu osoan eskaintzen jarraitzeko asmo irmoa adierazi du: "Gu isil gaitzakezu, gure kantuak ez". 

Musika taldeak azpimarratu du hogei urtean inoiz ez dutela auzitegietan salaketarik jaso, ez leporatzerik eta zigorrik. "Horrenbestez, hainbat komunikabidek egozten dizkigutenak oinarri juridikorik gabeko salaketa direla ziurtatu nahi dugu". Taldeari kalte egiteaz gain, beste sortzaile askori ere kalte "itzela" egiten diotela gaineratu dute, eta denboran gehiegi ari direla luzatzen horrelakoak. "Bada garaia antzeko jokabideei amaiera eman deizaiegun".

Berri Txarrak-en ustez etekin elektorala baino ez du Aragoiko PPk Zaragozako kontzertua debekatzeko eskatu izana: "Eremu politikoko alderdi atzerakoienek sustatzen dute". Horren aurka, ordea, aski da esan dute: "Gu ez gara inoren txotxongilo, ez dugu inolaz ere gurea ez den gatazka batean erabili gaitzaten onartuko. Aragoiko PPren eskaera zentzugabea eta neurriz kanpokoa da".

Erasoaren aurrean beti adierazpen askatasunaren alde egin dutela eta etorkizunean ere horrela egingo dutela azpimarratu dute, eta zehaztu dute "Zaragozan ere" abegikor hartu dituztela. Gaineratu dute PPk gobernatzen duen hainbat udalerritan jo izan dutela, baita PPren esku dauden telebista eta irrati publikoetan. Atzera gehiegi joan gabe aurten Los conciertos de Radio 3 Espainako telebistan publikoan izan ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.