Atxiloketei buruzko informazioa zabaldu ahala, herritar ugarik salatu zuen operazioa, batez ere, sare sozialen bidez. Adierazpen askatasunaren aldeko mezuak zabaldu zituzten erabiltzaileek, eta egun osoan aritu ziren elkartasun mezuak helarazten #TxiolariakAskatu traolarekin. Besteak beste, Eleak mugimenduak, Ernai eta Gazte Abertzaleak gazte erakundeek, Sortuk eta Alternatibak ere salatu zuten Guardia Zibilak egindako operazioa. Guztiek egin zuten adierazpen askatasunaren alde.
Iluntzea mobilizazioak izan ziren, besteak beste, Gernikan, Laudion eta Arbizun. Gasteizen gaurko antolatu dute elkarretaratzea: 19:30ean, Andre Maria Zuriaren plazan.
Eleak mugimenduak salatu zuen «adierazpen askatasunaren aurkako izugarrizko erasoa» izan zela atzo Espainiak egindakoa, eta eskubide horren alde jarduteko deia egin zien herritarrei. Ernaik salatu zuenez, «sare sozialen gaineko kontrolaren eta adierazpen askatasun faltaren adierazle argia» izan zen operazioa, «estatu antidemokratikoaren erakusgarria». Bide beretik jo zuten Gazte Abertzaleek ere: «Bakegintzaren aurkako enegarren oztopoa da». «Ez al dute ikusi eta ikasi, atxilotzen duten gazte bakoitzeko, hamaika irteten garela kalera?».
«Autoritarismoa»
Sortuko bozeramaile Pernando Barrenaren hitzetan, «autoritarismo ariketa» izan zen atzokoa: «Adierazpen askatasunaren aurkako erasoa». Barrenak salatu zuen iritzi delitutzat hartzen duela Espainiak «disidentzia politikoa», eta «erregimena» babestu.
Alternatibako Oskar Matuteren esanetan, «erregimena zalantzan jartzen dutenak kikildu nahi dituen sorgin ehiza» dira halako sarekadak: «Independentistak eta gorriak dituzte begipuntuan».
Erantzun beharra dagoela nabarmendu zuen Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzak Justizia sailburu ohiak: «Alderdi eta erakundeek tinko erantzuten dute, edo gizarte erantzuna beren aurkakoa izan behar da».