2002ko irailaren 11n, Kataluniako Diadako ekitaldietan, aldarrikatu zuen Xirinacsek "ETAren eta Batasunaren" lagun zela, hain justu, "terrorismo" kontzeptuaren inguruan egin zuen hausnarketaren kariaz. Bi urteko espetxe zigorra ezarri zion iragan martxoan Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta hura bilatzeko eta atxilotzeko agindua emana zuen.
Herrialde Katalanen independentziaren aldeko eta frankismoaren aurkako ekintzaile ezaguna da Xirinacs. Hala, frankismo garaian hasita gose greba ugari egindakoa da, erregimen haren aurka, eta amnistiaren zein autodeterminazio eskubidearen alde. Ghandiren jarraitzailetzat aurkeztu izan du beti bere burua, eta borrokarako bide baketsuak erabili izan ditu.
Frankismo ondorengo Espainiako lehendabiziko legebiltzarrean senadore izan zen, independente gisa aurkeztuta. Apaiz ere izan zen, 1990 arte. Izan ere, Eliza Katolikoko hierarkiarekin zituen tira-bira ugarien ondorioz albo batera utzi zuen bide hori.
Atxiloketa
Adin handia eta osasun txarra aintzat hartu gabe espetxeratu egin dute Xirinacs
Frankismoan bi aldiz espetxeratu zuten Lluis Maria Xirinacs independentista katalan ezaguna Bartzelonako Model espetxean, eta gaur hantxe giltzapetu dute berriro. Espainiako Auzitegi Nazionalak "terrorismoa goraipatzeagatik" ezarritako bi urteko zigorra betetzeko atxilotu zuten atzo Xirinacs, Bartzelonan, Espainiako Nortasun Agiria berritzera joan zenean, eta gaur kartzelan sartu dute. Hitzaldi batean "ETAren lagun" zela adierazi egotzi zioten "terrorismoa goraipatzea". Xirinacsek 74 urte ditu, eta adina eta osasun kaskarra kontuan hartuta, libre uztea espero dutela agertu dute haren ingurukoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu