BERRIA.INFOk jakin ahal izan duenez, goizeko 08:20 aldera Azkoitiko (Gipuzkoa) Ibaiondo kaleko eraikin bateko garbitzaileak eskaileretan oso usain txarra zegoela ohartu dira, gasa isuri balitz bezala. Larrituta, eraikineko bizilagunei deihadarka hasi dira. Garbitzaileen oihuei erantzunez, bizilagunak ateetara atera dira, hil eta zauritu diren senar-emazteak izan ezik. Bizilagun batek Ertzaintzari deitu dio.
Hain justu,deiari erantzunez, segituan joan dira esandako etxera Ertzaintza, suhiltzaileak eta anbulantzia bat, eta adineko senar-emazteen etxera sartu dira: gizona, 85 urteko Jose Azkue Agirrezabal,hilda aurkitu dute; emaztea, ondoezik.
Gainera, haien logelaren gaineko ganbara sutan zegoela ikusi dute, eta laster itzali dute suhiltzaileek. Suak sortarazitako kea eta, ondorioz, karbono monoxidoa, gizona hiltzeko eta emakumea zauritzeko adina izan dira. Osterantzean, suteak ez du kalte material handirik eragin, ez ganbaran, ez senar-emazteen etxebizitzan.
Eraikineko beste etxebizitzetan ez du inork kea arnastu, eta ez da inor zauritu.
Ertzaintzari abisua eman diotenek gas usaina zegoela esan duenez, badaezpada, gas neurketak egin dituzte, baina ez dute halakorik atzeman.
Informazio osagarria Urola Kostako HITZAn.
Sutea
Adineko gizon bat hil da Azkoitian karbono monoxidoa arnastuta
Emaztea Donostiako erietxe batera eraman behar izan dute, larri, arrazoi beragatik. Senar-emazteen etxebizitzaren gaineko ganbarak su hartu du, eta kearekin pozoindu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu