Errepideak

Adineko gizon bat hil da Bilbon auto batek harrapatuta

2006ko abenduaren 11
17:56
Entzun
Ezbehar larria gertatu da gaur goizean Bilbon: auto batek 87 urteko gizonezko bat harrapatu du, eta hil egin da. Horrez gain, Gipuzkoan bi lagun zauritu dira bi istriputan. Izotza egon daitekeela-eta arretaz gidatzeko deia egin dute trafiko arduradunek.

Goizeko hamarrak laurden gutxi aldera gertatu da Bilbon arestian aipatutako harrapaketa larria: auto batek 87 urteko E.S.B. aurrean eraman du, Union Begoñesa auzunean. Istripuan oso larri zauritu da gizonezko hori, eta Basurtuko erietxera bizirik iritsi bada ere, handik lasterrera hil egin da.

Gipuzkoan, berriz, zaurituak eragin dituzten bi istripu izan dira gaur goizean. Zortziak aldera, hiru autok elkar jo dute GI-627 errepidean, Eskoriatzaparean. Pertsona bat zauritu da ezbehar horretan, eta, gainera, bideetako bat moztu behar izan dute Aretxabaletarako noranzkoan. Ondorioz, auto ilarak izan dira.

Handik ordu erdi ingurura, 08:30 aldera, A-8 errepidean, Deba parean, auto bat bidetik atera da. Gidaria, R.D.H. Bilbokoa, zauri arinekin eraman dute Mendaroko Ospitalera. Istripu horren ondorioz, bideetako bat itxi egin behar izan dute Bilborako noranzkoan.

Kontuz ibiltzeko deia

Nolanahi ere, gaur goizean kontu handiz gidatzeko aholkua eman dute trafiko arduradunek. Nafarroan, errepide sareko hainbat puntutan elurra, eta batez ere, izotza egon daitekeela oharatarazi dute. Araban, berriz, laino handiak zailtzen du gidarien lana hainbat gunetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.