Euskal presoak

Adineko gurasoak dituzten presoen eskubideak errespetatzeko eskatu du Etxerat-ek

Salatu du “gero eta gehiago” direla seme-alabak ikusi gabe hiltzen ari diren senideak. Aste honetan hala gertatu da Ibon eta Eneko Goieaskoetxea eta Urko Labeaga presoen amekin: Lurdes Arronategirekin eta Pili Garciarekin.

Etxerat-eko kideak Bilbon eginiko agerraldian. ETXERAT
jokin sagarzazu
2018ko otsailaren 23a
17:11
Entzun

“Senideak askotan hiltzen dira espetxeraturiko semea, alaba edo biloba ikusi eta agurtu gabe. Eta horrelakoetan espetxe zigorra ez da arazoa, urruntzea baizik”. Hala gertatu da aste honetan beste hiru euskal presoren amekin, Etxerat-ek Bilbon eginiko prentsaurreko batean salatu duenez.

Elkartearen datuen arabera, 60 urte baino gehiago dituzte espetxean dauden euskal presoen guraso ia guztiek (%98k), eta horietatik gehien-gehienek 70 urte baino gehiago dituzte. Horrekin batera, gogoratu du 65 urte baino nagusiagoak diren pertsonen %20k bi edo hiru gaixotasun kroniko dituztela, eta bidaia luzeak egiteak osasuna larriagotzen diela. Arronategik, esaterako, 80 urte zituen, eta espetxe ezberdinetan zituen bi semeak, etxetik 750 kilometrora biak.

“Lurdes Arronategi eta Pili Garcia ez dira kasu bakanak”, azpimarratu du Etxerat-ek. “Ez dago tarteko konponbiderik. Aukera bakarra euskal presoak Euskal Herrira hurbiltzea baizik ez da, horrela senide eta lagunekiko lotura bermatzeko eskubidea ziurtatuko baita”, gaineratu du.

Traba "burokratikoak" 

Etxaret-ek gogoratu duenez, Espainiako Auzitegi Nazionalak euskal presoek Euskal Herrira eramanak izateko egindako eskaerei 2015ean modu orokorrean ezezko erantzuna eman zienean, aitortu zuen presoak bisitak jasotzeko eskubidea zutela, baina salatu du ez zituela kontuan hartu gurasoen eta bestelako zuzeneko senideen adina eta osasun egoerak, “senidetasun loturak ziurtatzeko egin behar dituzten bidaiak egiteko”.

Era beran, auzitegiak azaldu zuen senideak presoak ikustera joan ezin direnean, presoei senideak ikusteko baimenak ematen dizkietela, baina hori “gezurra” dela dio Etxerat-ek. Horiek lortzeko “hilabete eta tramite asko” bete behar dituztela salatu du. “Eta, askotan, senidea larri gaixorik eta hilzorian dagoen dioen sendagilearen txostena izan arren, Euskal Herrira eramanak izateko eskaerek ezezko erantzuna jasotzen dute”.

Arginzoniz, libre

Etxerat-ek jakinarazi du Aritz Arginzoniz presoa aske geratu dela, hamar urte preso egin ondoren. Valdemoroko espetxean (Espainia) eman ditu azken hilabeteak.

Espainiako Justiziak ezarritako zigorra osorik bete du Arginzonizek. Leporatu zioten ETAko kide gisa atentatu batzuk prestatzea. Frantzian, berriz, iazko abenduan epaitu zuten, ETAk eginiko lapurreta batean parte hartzea leporatuta. Parisko Dei Auzitegiak erabaki zuen Espainian preso eginiko urteak kontuan hartzea, eta, ondorioz, ez espetxeratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.