Gizarte zerbitzuak

Adinekoen udal egoitzen kudeaketa bere gain hartuko du Gipuzkoako Diputazioak

Kabia erakunde autonomoa sortzeko tramitazioa hasi du aldundiak, egoitzak zuzenean kudeatzeko.

2014ko uztailaren 14a
15:11
Entzun

Gipuzkoako Foru Aldundiak Kabia sortzeko tramitazioa hasi du. Erakunde autonomo bat izango da Kabia, herrialdeko adinekoen udal egoitzen kudeaketa bere gain hartuko duena, gaur egun udalek kudeatzen dituztelako egoitza horietako gehienak.

Udal zenbaiten eta diputazioaren artean desadostasun handiak izan dira urteetan, adinekoen egoitzak nork kudeatu behar lituzkeen. Diputazioak jakinarazi duenez, Gizarte Zerbitzuen 18/2008 Legean zehaztutakoaren arabera, aldundiek hartu behar dute egoitza horien kudeaketa, eta hori izango da Kabiaren zeregina.

Ander Rodriguez Gipuzkoako Gizarte Gaietarako diputatuak eman du erabakiaren berri. Kabiak, "pixkanaka", hamasei udal egoitzaren kudeaketa hartuko du bere gain. "Tresna garrantzitsua izango da Gipuzkoako gizarte zerbitzuen zuzeneko kudeaketara bideratutako aldaketa egiteko", Rodriguezen hitzetan.

Zerbitzu publikoak azpikontratatzera jo du aldundiak urteetan, Rodriguezen esanetan. "Foru gobernu honek, aldiz, gure zerbitzu publikoen kudeaketa publikoa eta zuzenekoa defenditzen ditu".

Adinekoen egoitzak ez ezik, denborarekin, gizarteratze zentroak, elbarrientzako zentroak, adingabeentzako zentroak eta gainerako gizarte zerbitzuak ere aldundiak bere gain hartu nahi dituela azaldu du Rodriguezek.

Batzar Nagusiek onartu behar dute

Kabia sortzeko foru araua aurkeztu du diputazioak, eta horrekin sortzeko tramiteak hasi ditu. Batzar Nagusiek onespena eman beharko diote gero. "Uda ondoren", Rodriguezen arabera. Diputazioak espero du, baiezkoa eman ondoren, aurten bertan egoitza batzuen kudeaketa hartuko duela Kabiak. 

Azkoitiko, Elgoibarko, Lasarte-Oriako, Villabonako eta Zumaiako egoitzen kudeaketa hartuko luke lehenik diputazioak. 250 erabiltzaile eta 150 lanpostu dituzte bost egoitza horiek. Langileei beren lanarekin eta lan baldintzekin jarraituko dutela esan die Rodriguezek; eta erabiltzaileei, "arreta eta zerbitzu bera" jasoko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.