Koronabirusa. Adineko pertsonak. Susana Montesino. Hurkoako tutoretza arloko arduraduna

«Adinekoentzat arriskutsua izan daiteke sare sozialik ez edukitzea»

Adinekoen hauskortasuna faktore sozialek ere eragiten dutela uste du Montesinok; arduratuta dago itxialdiak bakardadea ekar dezakeelako.

BERRIA.
Maite Asensio Lozano.
2020ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Itxialdiak adinekoengan izan ditzakeen ondorioen inguruko kezka ezkutatu ezinda mintzatu da Susana Montesino, Hurkoa fundazioko tutoretza arloko zuzendaria. Gipuzkoan aritzen dira, besteak beste, mendekotasun egoeran dauden edadetuekin, eta ikerlan bat egin berri dute haien hauskortasunari buruz. Ondorioztatu dute faktore sozialek pisu handia dutela adinekoen ongizatean.

65 urte baino gehiago izanda bakarrik edo beste adineko batekin bizi diren pertsonen hauskortasuna aztertu duzue. Zerk eragiten du zaurgarritasun hori?

Ezaugarri jakin batzuk dituzten adinekoekin egiten dugu guk lan, baina jakin nahi genuen zein den adin horretako jendearen egoera, eta hauskortasuna zer neurritan dagoen hedatua. Inkesta bat egin genuen, eta eguneroko bizimoduarekin lotutako hainbat faktoreri buruz galdetu genien: zer azpiegitura duten haien etxeek —oztopo arkitektonikorik daukaten, komuna egokitua duten...—, nolako bizitza soziala duten, gaixotasun kronikorik duten eta maiz joaten diren medikuarengana...

Izan ere, adinekoen hauskortasunaz hitz egiten denean, osasunari edo mugikortasunari lotuta egiten da batik bat, baina badaude bestelako faktore sozialak ere...

Bai. Gai hau ikertzen hasi ginenean, bilatu genuen nola definitzen zuten hauskortasuna adinekoengan; garai bateko testu zientifikoetan, kontzeptua zabalagoa zen, baina gerora osasunaren arlora mugatuz joan da. Guk harago joan nahi dugu: osasuna oso garrantzitsua da, eta askotan mugatu egiten du, baina ez da faktore bakarra; pertsona bat egoera hauskorrean egon daiteke eritasun kroniko batzuk dituelako, baina baita horrek berekin dakarkiolako ere eguneroko bizimoduarekin ezin jarraitzea edo harremanak eta parte hartze soziala murriztea. Bakardadea, adibidez, oso faktore garrantzitsua da: adineko bat bakarrik bizitzeak ez du esan nahi bakarrik dagoenik, sare sozial esanguratsu bat izan dezakeelako. Baina halakorik ez izatea arriskutsua izan daiteke: abusuen biktima izan daitezke, edo zerbait gerta dakieke eta laguntza eskatzeko inor ez eduki... Agian muturreko kasuak izango dira, baina noizean behin albiste izaten dira etxean bakarrik hildako adinekoak, zendu eta denbora batera aurkitutakoak, ez delako inor konturatu. Halako bakardade egoerak saihestu egin behar dira.

Egun hauetako itxialdiak bakardade hori larriagotu dezakeen beldur zarete?

Bai. Kezkatuta gaude, eta horretara bideratzen ari gara egun hauetako lana: etxean daudenekin harremanetan jartzen ari gara, egiaztatzeko orain arteko laguntza zerbitzuak mantentzen dituzten eta galdetzeko ea gehiago behar duten. Izan ere, adineko horiek ezingo dira kalera atera, ezta mendekotasunik ez dutenak ere; beraz, ondo artatuta egon behar dute. Kezkatuta gaude, era beran, hainbeste egunez etxean itxita egoteak ekar ditzakeen ondorioekin, bai arlo psikologikoan eta bai fisikoan: adinekoentzat oso kaltegarria izan daiteke luzaroan ez mugitzea, eta etxe guztiek ez daukate nahikoa mugitzeko moduko tamaina, sasoia mantentze aldera.

Etxean geratzeko eskaera are garrantzitsuagoa da adinekoentzat?

Bai; arrisku talde izanda, gomendatu diete ahalik eta gutxien ateratzea kalera, eta ahalik eta pertsona gutxien joatea haien etxera. Izan ere, etxetik mugitu gabe ere kutsa daitezke, etxera doazkienen bidez; beraz, komeni da beti laguntzaile bera joatea, eta espero dugu horretan ari direnak ez gaixotzea eta laguntzailez ahalik eta gutxien aldatu behar izatea. Oraindik ez dago arazorik hor, baina problemak izango ditugu zaindu behar dugunok gaixotzen bagara. Edonola ere, egoera honek bakardade handia ekarriko die. Mendekotasun handirik ez daukatenen eta egunero jarduera asko egiten dituztenen bizimodua asko aldatu da: egun osoa pasatuko dute etxean bakarrik.

Bakardade hori arintzeko, zer egin daitekeela uste duzu?

Saiatzen ari gara ahalik eta gehien deitzen telefonoz: ezin gara etxeetara joan, baina senti dezaten hor gaudela, eta jakin dezaten dei gaitzaketela. Segur aski, denok dugu inguruan adinekoren bat bakarrik bizi dena eta orain bakartuta dagoena; inguru sozialak babesten eta kasu egiten dien bitartean, ondo antzean egongo dira. Arazoa da pertsona asko guztiz bakarrik daudela, ez daukatela sare edo familia hori haietaz arduratzeko edo hots egiteko, eta horiek dira kezkagarrienak. Ikusten ari gara auzoetan-eta herritar taldeak sortzen ari direla haiei laguntzeko, eta pozgarria da jakitea gizartea ez dela ahaztu egoera oso zailean dauden horiekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.