Neskaren familiak berak Euskadi Irratian baieztatu du herenegun Elizondon sexu eraso bat izan zela; 16 urteko alaba bortxatu egin zutela adierazi dute. Salaketa jarri dute dagoeneko. Euskadi Irratiari egin dizkiote adierazpen horiek.
Nafarroa Oinez-en bertan artatu zuten biktima, osasun puntuan. Ondotik, sexu erasoen aurkako protokoloa jarri zuten martxan. Hala, salaketa Foruzaingoari helarazi zioten, eta horrek ustezko erasotzailea atxilotu egin zuen. Azken hori ere, adingabea.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko iturrien arabera, Adingabeen Fiskaltzaren aurrean deklaratu du gaur ustezko erasotzaileak. Aske utzi dute. Inputatuta dago, sexu erasoa egitea egotzita.
Nafarroako Ikastolen Elkarteak ohar batean adierazi du "atsekabetuta, harrituta eta haserre" daudela. "Ikastolen jaien historian zehar lehendabizikoz egin behar izan diogu aurre halako egoera bati". Nafarroako ikastolek babesa eskaini diete neskari eta haren familiari, behar duten laguntza guztia jaso dezaten.
Urtero halako jaietan "autobabes plan zorrotza" egiten dutela jakinarazi du Ikastolen Elkarteak. Behin gertaturikoaren berri izan ostean Foruzaingoak eginiko lana goraipatu du.
Azken urteetan ikastoletako jaiak parekide izateko lan handia egin dutela zehaztu du Josu Reparaz Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendariak izenpetzen duen oharrean: "Eraso sexistarik ez onartzeko eta, gertatuko balira, haiei aurre egiteko eta salatzeko". Horretan sakontzea dagokiela gaineratu du: "Uste baitugu hori dela ikastolok gai honetan gizarteari egin diezaiokegun ekarpen garrantzitsua".
Nafarroako Gobernuak ere salatu du erasoa. Ana Ollo bozeramaileak ohartarazi du adingabea dela ustezko erasotzailea. "Zerbait huts egiten ari da. Adingabea izateak are larriago egiten du gizarte honetan inoiz gertatu beharko ez litzatekeen egoera hori".