Eusko Legebiltzarrak nabarmen baretuko du Eusko Jaurlaritzak bertara eraman zuen tabakoaren legearen aldaketa. Jaurlaritzaren hasierako proposamena, alor batzuetan, gogorragoa zen Espainiako Diputatuen Kongresuan lantzen ari zirena baino. Besteak beste, auto barruan erretzeko debekua ezartzea proposatu zuen, adingabeak barruan zeudenerako. Proposamen horiek ez dira egongo aurrera egingo duen testuan, nahiz eta oraindik ere taldeek baduten ekarpenak egiteko tartea.
Txoko eta gastronomia elkarteetan erretzeko erabateko debekua, gasolindegietan tabakoa saltzeko debekua... Jaurlaritzaren jatorrizko testuak zituen hainbat proposamen testutik kanpo utzi ditu tabakoaren legea aldatzeko proiektua aztertzeko lan taldeak. «Espainiako legea indarrean jartzeak baldintzatu egin du EAEko egitasmoa», jakinarazi du Mikel Unzaluk, legebiltzarreko aipatu lan taldeko presidenteak.
PSE-EEko gobernuaren lehentasunezko bazkideak, PPk, ez zuen begi onez ikusten EAEko legea Espainiakoa baino murriztaileagoa izatea. Hori gerta ez zedin, hainbat zuzenketa aurkeztu zituen aldeak leuntzeko. Unzaluk berak aitortu du urtarrilaren 2tik Hego Euskal Herrian indarrean dagoen Espainiako legearen irizpideetara egokitu dela lan taldearen txostena.
Hil bukaeran eztabaidatuko du Eusko Legebiltzarreko Gizarte Politika, Lan eta Berdintasun Batzordeak lan taldeak idatzitako txostena. Eta bertako bozketa gainditu ostean, osoko bilkuran bozkatuko da lege irizpena. Ezustekorik ezean eta epeak betetzen badira, legea otsaileko lehen osoko bilkuran onartuko da, «adostasun zabalarekin», Unzaluk dioenez.
Zigor alorrean, eztabaida
Lan taldearen lanaren ostean adostasun handia egon arren, oraindik badaude eztabaida iturri diren puntu batzuk. Zigoralorra da horien artean deigarriena, Eusko Legebiltzarreko hiru talde handienek proposamen ezberdinak egin baitituzte. PSE-EEk proposatu du Eusko Jaurlaritzaren ardura izatea zigorrak betearaztea, eta Ertzaintzaren eta udaltzainen esku egotea tabakoaren lege berria betetzen den ikuskatzeko ardura eta zigorrak ezartzea proposatzeko ardura. EAJk, aldiz, uste du Ertzaintzaren eskumena izan beharko lukeela, udaltzainek parte hartu gabe. PP, berriz, ikuskaritza talde berezi bat sortzearen alde agertu da.Aralarrek, azkenik, Ertzaintzari tabakoaren legea kontrolatzeko eskumena kentzea proposatu du.
Aralarrek beste hainbat zuzenketari eutsi die, legean txertatzeko asmoarekin. Tabernari edo jatetxeetako arduradunen erantzukizuna arintzeko proposamena dago horien artean. «Ez dira euren bezeroei erretzea debekatu behar dietenak», azaldu du Oxel Erostarbe legebiltzarkideak.
Legebiltzar taldeek aste gutxi dituzte ados jartzeko, lan taldetik ateratako testuan aldaketak egiteko bi aukera baino ez baitira gelditzen: Gizarte Politika, Lan eta Berdintasun Batzordean izango dute lehena, urtarrilaren 20tik 24ra bitartean; osoko bilkuran, berriz, azken aldaketak egiteko tartea izango dute legebiltzar taldeek.
Legean jasotako isunak ezartzeko moduari buruzko eztabaida ez da amaitu, baina erkidegoetako gobernuek lehen salaketak jaso dituzte dagoeneko. Zazpi herritarrek aurkeztutako sei salaketa jakinaraziko dizkio Espainiako Facua kontsumitzaileen elkarteak Nafarroako Gobernuari, eta bihar Eusko Jaurlaritzara joko dute, EAEn jasotako salaketen berri emateko. Nafarroan jarri diren sei salaketetatik lau taberna edo jatetxeetan izandako lege hausteen ondorioz gertatu dira; bat zinema baten kontra jarri dute, eta bestea pilotaleku baten kontra.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 149 kontsulta eta 57 kexa izan direla jakinarazi du berriki Gemma Zabaletak, EAEko Lan eta Gizarte Gaietarako sailburuak. Bide batez, aurreratu du ikerketa bat egiten ari direla hil bukaerara arte Espainiako tabakoaren legea nola eta zenbateraino betetzen den, EAEko legea ezartzerakoan kontuan izan beharreko irizpideak zehazten laguntzeko.
Adingabeak dauden autoetan erretzea ez dute debekatuko
Jaurlaritzak nahi zuen tabakoaren legea leundu egin du Eusko Legebiltzarrak, eta Espainiakora gerturatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu