Adingabeei arreta berezia jarriko die Espainiak genero indarkeriako kasuetan

Osasun ministroak iragarri du berdintasuna lortzeko bitartekoak bikoiztu eta daudenak optimizatu nahi dituela

Erredakzioa
2012ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Genero indarkeria «lehentasunen artean lehentasuna» izango dela jakinarazi zuen Ana Mato Espainiako Osasun ministroak kargua hartu berritan. Atzo, Espainiako Kongresuko Berdintasun Batzordean egindako agerraldian, iragarri zuen bikoiztu egingo dituela indarkeria sexistari aurre egiteko bitartekoak, eta daudenak optimizatzeko asmoa duela. Adierazi du arreta berezia jarriko duela genero indarkeriari aurre egiteko estrategian, tratu txarrak jasaten dituzten adingabeengan eta biktimen seme-alabengan, adituek maiz egindako eskaerari erantzunez. Behar bereziak dituztela dio Matok, eta premia horiek indarkeriari aurre egiteko hartzen diren neurri guztietan kontuan hartu behar direla.

Genero indarkeria gogor gaitzetsi du Osasun ministroak, eta berdintasun faltaren adierazlerik garbiena dela adierazi. «Emakumezkoek jakin behar dute ez daudela bakarrik, eta gizarte osoa egongo dela haien alde. Haiek izango dira gure ahaleginen arrazoia», adierazi du Matok kongresuan. Atzo legealdi honetan indarkeria matxistari aurre egiteko estrategia aurkeztu zuen Berdintasun Batzordean, eta lau ardatz nagusi ditu planak: erakundeen arteko koordinazioa, sentiberatze eta prebentzio politikak, indarkeriaren arriskua gutxitzeko estrategiak eta biktimei eskainitako laguntza.

Erantzunak, neurrira

Iragan astean aurreratu bezala, genero indarkeriako kasuak banaka-banaka ikertuko dituztela hitzeman du, neurrira egindako erantzunak emateko. Estrategiak ahalik eta gehien pertsonalizatzeko erkidegoetako gobernuekin sare bat osatuko duela ere azaldu du, eta era horretan koordinazioa hobetzea espero duela. Ildo horretan, «nazio estrategia» bat martxan jarri nahi du, eta horretarako bere saila Justizia, Barne eta Lan ministerioekin elkarlanean arituko da. Erakunde guztiak koordinatuz biktima bakoitzaren kasuari jarraipen hobeagoa egin ahalko zaiola eta baliabide guztiak euren eskuetan jarri ahalko direla uste du Matok. Eraginkortasunez lan egin nahi du, «salaketa jartzeak duen balioan konfiantza handitzen laguntzeko».

Berdintasuna lortzeko eta indarkeria matxistari aurre egiteko estrategiaren beste oinarrietako bat prebentzioa dela nabarmendu du. Horretarako hezkuntzan lan egingo dutela hitzeman du Matok. Erasotzaileak aurkitzeko GPS eskumuturrekoak Poliziaren esku dauden lagunei ere jartzeko aukeraz hitz egin du Osasun ministroak eta urruntze agindua dutenei ere horiek jartzeko aukeraz.

Hori guztia aurrera eramateko boluntarioen sare bat eratuko duela iragarri du: «Jende asko dago emakumezko hauei eta euren seme-alabei laguntzeko prest».

Kargua hartu eta berehala familia barruko indarkeria esamoldea erabiltzen hasi zen Mato, emakumezkoen aurkako bortxaren inguruan aritzeko. Horrek polemika piztu zuen, eta indarkeria mota horren garrantzia gutxitu nahia leporatu zioten. Adiera horrek ingurunean jartzen du arreta, emakumezkoen kontra egiten dela kontuan hartu gabe. Kritikak ikusirik, genero indarkeria erabiltzen hasi zen Mato berehala, eta atzo ere hala egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.