Adingabeei pornografia mugatzeko ziurtagiri bat prestatzen ari da Espainiako Gobernua

Ministroen kontseiluak egoera aztertu du, eta 18 urtez azpikoak «Interneten babesteko lege integral bat» egiteko asmoa duela jakinarazi du. Interneteko erabiltzaileen adina zehaztuko duen ziurtagiria, berriz, uda honetarako espero dute martxan egotea.

GAZTE BATZUK ESKUKO TELEFONOEKIN
Gazte batzuk, eskuko telefonoekin. GUILLAUME FAUVEAU
mikel p ansa
2024ko urtarrilaren 16a
15:20
Entzun

Adingabeak pornografiatik babesteko asmoz, lege bat sortu eta adingabeak identifikatzeko ziurtagiri bat sortuko du Espainiako Gobernuak. Gaurko ministroen kontseiluko bilerara txosten bat eraman du Presidentetza eta Justizia ministroak, eta gero jakinarazi du Espainiako Datuen Babeserako Agentziak garatu behar duen ziurtagiri batean oinarrituko dela estrategia hori, hein batean. Ministroak adierazi du hilabete honetan espero dutela aurkeztea, eta udan martxan egotea.

Agiri horrek egiaztatuko du Interneteko erabiltzailearen adina, eta horren arabera eduki batzuk mugatuko dizkio. Pantailaren aurrean dagoen pertsonaren adina identifikatzea eta aldi berean datu pertsonalak babestea ez da eginkizun erraza, eta horregatik oinarrituko dira Datuen Babeserako Agentzian, aplikazioa garatzeko. Adierazi dutenez, prest dago honezkero, eta Interneteko nabigatzaile nagusietan probatu dute.

Ez da aplikazioa bakarrik izango: Espainiako Gobernuak «lege integral bat» garatu nahi du, «adingabeak Interneten babesteko». Oraingoz, baina, ez dute lege berri horri buruzko xehetasunik eman. Hezkuntza, gaitasun digitalak eta parekidetasuna aintzat hartu beharko direla adierazi dute, halere.

Ministroen kontseiluan aztertutako dokumentuak egoeraren analisia egin du, eta kezka agertu, Espainiako datuek diotenez 12 eta 15 urte bitarteko adingabeen erdiek noizbait pornografia ikusi dutelako; eta laurden batek, 12 urte izan aurretik ere bai. Adinean aurrera, kontsumoa handitu egiten da: 13 eta 17 urte bitarteko adingabeen %70 inguruk pornografia ikusteko ohitura dute; eta heren baten esanetan, hori da, gainera, sexuari buruz duten informatzeko bide bakarra.

Justizia ministroaren esanetan, kezkatzekoa da adingabeek horren goiz ikustea pornografia, sexualitatea «distortsionatu» egiten duelako, eta arazo emozional eta psikologikoekin lotu du pornografiaren kontsumoa, baita portaera «ezegokiekin» ere. Horrez gain, emakumeen kontrako indarkeria normalizatu egiten duela ohartarazi du.

Beste zenbait neurriren artean, 50 aditu elkartu nahi dituzte, haurrek eta nerabeek eskuko telefonoei ematen dieten erabilera aztertzeko. Alde horretatik, arazoari aurre egiteko estrategia diziplina anitzekoa izan behar dela adierazi du ministroak. Autonomia erkidegoek eta enpresa teknologikoek ere estrategia horren parte izan behar dutela erantsi du.

ADINGABEEN ZIURTAGIRIA

Espainiako Datuen Babeserako Agentziak gidatuko du pantailetako erabiltzaileen adina zehaztuko duen ziurtagiria sortzeko prozesua. Efe albiste agentziaren arabera, anonimoa izango da agiria, eta Diruaren eta Zerga-zigiluaren Espainiako Fabrikak egiaztatuko du. Datuen Babeserako Agentziak joan den abenduan aurkeztu zuen lanaren oinarrizko dokumentua, eta espero dute uda honetarako prest edukitzea.

 Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordeak katalogatzen ditu adingabeentzat egokiak ez diren edukiak —pornografia guneak ez ezik, indarkeria edo apustu tokiak ere sar litezke horien artean—. Eduki horiek dituzten webguneak, berez, behartuta daude erabiltzaileen adina egiaztatzera. Agiri berri honekin, ezingo dute «aitzakiarik» jarri.

Abenduan azaldu zutenez, eskuko telefonoetarako aplikazio bat ere garatuko dute, sistema operatibo guztietan ezarri ahalko dena. Eduki horiek dituzten webguneek aplikazioa baliatuta egiaztatuko dute erabiltzailearen adina. Diruaren Fabrikak ziurtatuko du datu hori, baina datu zehatza anonimoa izango da edukien hornitzaileentzat. Agiri hori eskuratu ahalko da, nortasun agiria eskuratzen ahal den bezala, baina ez dute erabiltzailearen datu zehatzik jasoko.

 Ordenagailuetan eta bideojokoen kontsoletan, berriz, aplikazio horrek berak QR kode bat sortuko luke, erabiltzaileak baimena baduen edo ez zehaztuko lukeena. Sistema horrek 14 urtez azpikoei sare sozialetarako sarbidea mugatzeko aukera emango lukeela ere adierazi dute.

 Gaur egun, kasu gehienetan, erabiltzaileari eskatzen zaio berresteko ea adin nagusikoa ote den, beste ezer egiaztatu gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.