Sei adingaberi sexu erasoak egin dizkielakoan, 18 urteko gazte bat atxilotu du Ertzaintzak Gasteizen. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, urria eta urtarrila bitartean Gasteizen gertatu diren bost eraso leporatzen dizkiote atxilotuari; 7 eta 14 urte bitarteko ume eta gaztetxoen aurkako sexu erasoak, zehazki. Udaltzaingoak bost salaketa jaso ditu azken hilabeteetan, sei adingaberen kontrako bost erasorengatik —horietako batean bi neraberi eraso zien—. Ertzainek eta Gasteizko udaltzainek elkarlanean egin dute ikerketa, eta astearte arratsaldean atzeman zuten ustezko erasotzailea. Herrizaingo Sailak adierazi du erasoak jasan dituzten sei gaztetxoak onik direla.
Ertzaintzak azaldu duenez, eraso guztietan modu berean jokatu du erasotzaileak. Kalean biktima bat aukeratzen zuen, eta hari atzetik jarraitzen zion ezkaratz batean sartu arte. Behin barruan zeudela, mehatxuen bidez, sexu harremanak izatera behartzen zituen adingabeak. Eraso batzuk, gainera, sakelako telefonoz grabatu zituen. Atxilotuak onartu egin ditu akusazioak; Poliziak jakinarazi du aurrekariak dituela bestelako delitu batzuengatik.
Bilbon, berriz, 39 urteko gizonezko bat atxilotu zuten udaltzainek atzo goizaldean. Emakume bat jotzea, hari alde egiten ez uztea eta sakelako telefonoa lapurtzea leporatzen diote gizonezkoari. Emakumeak udaltzainei azaldu zienez, sexu harremanak izatea adostu zuten atxilotuak eta biek; hark, ordea, ez zion ordaindu nahi izan. Hori dela eta, Poliziari deituko ziola esan zion emakumeak. Gizonezkoak kolpe bat eman zion orduan, eta sakelakoa kendu. Nahiz eta ez ordaindu alde egiten uzteko eskatu zion andreak gizonari, baina gelako atea giltzaz itxi zuen gizonezkoak. Ordu erdiz atxikita egon ondoren, emakumeak alde egitea lortu zuen, azkenean. Ustezko erasotzailea berehala atzeman zuten udaltzainek.
Yasmin Rodriguezen hilketa
Amaitu da Yasmin Rodriguezenheriotza argitzeko ahozko epaiketa. 2009ko maiatzaren 9an Irunen gertatu zen hilketaren inguruko epaiketa urtarrilaren 23an hasi zen, eta hamar egun iraun du. Alde guztien argudioak entzun ondoren, orain zinpeko epaimahaiari dagokio azken erabakia hartzea. Rodrigezen senar ohiarentzat 40 urteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak. Bost delitu leporatzen dizkio: erailtzea, erailtzen ahalegintzea, ausarkeriaz gidatzea, heriotza mehatxuak egitea eta emakumearen askatasunaren aurka egitea. Defentsak, ordea, zigorra hamar urtera jaisteko eskatu du. Haren arabera, gertatu zena ez baitzen erailketa bat izan, homizidio bat baizik. Akusatuak azaldu du «eroaldi batean» hil zuela Rodriguez, eta alkohola edan zuela gau hartan.
Adingabeei sexu erasoak egitea egotzi diote gazte bati
Preso hartu dute ustezko erasotzailea, Gasteizen 7 eta 14 urte bitarteko sei gaztetxori eraso egitea leporatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu