Adingabeei sexu erasoak egitea egotzi diote gizon bati

Sare sozialen bidez ezagutzen zituen biktimak, eta sexu harremanaren truke ordaindu egiten zien

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2010eko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Ustez adingabeekin ordainpeko sexu harremanak izan dituen gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak Bilbon orain bi aste, urriaren 27an. Sexu erasoak egitea eta adingabeak prostituziora bultzatzea leporatu diote. Epailearen aurretik igaro ondoren, aske dago orain, epaiketa noiz egingo zain.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, atxilotua, 45 urteko gizonezkoa, sare sozialen bidez jarri zen harremanetan gazteekin.Haien lagun egiten saiatzen zen, ondoren haiekin aurrez aurreko harremanak izateko asmoz. 14 urteko mutil baten familiak jarritako salaketari esker izan zuen Ertzaintzak gertatutakoaren berri. Urri erdialdera gizonezko heldu ezezagun batekin sexu harremanak izan zituela azaldu zuen gazteak, eta trukean diru kopuru bat jaso zuela kontatu zuen.

Ertzaintzak, mutil gazteak emandako datuen bidez, susmagarri bat aurkitu zuen.Ustez, 14 eta 17 urte bitarteko mutilak ezagutzen zituen Internet bidez. Tuenti delako sare soziala erabiltzen zuen nerabeak erakartzeko, eta harreman birtual horri esker gazteen konfiantza bereganatzen saiatzen zen, gerora haiekin ordainpeko sexu harremanak izateko.

Gizonezkoa atxilotutakoan, haren etxea miatu egin zuten ertzainek. Besteak beste, ordenagailua atzeman zioten, ustez nerabeekin harremanetan jartzeko erabiltzen zuen gailua.Nahiz eta orain aske dagoen, epaileak salaketa jarri dion mutilaregandik urruntzeko agindua ezarri dio. Oraingoz ikerketa itxi gabe dagoela ohartarazi du Herrizaingo Sailak, sexu erasoen biktima gehiago egon daitezkeen susmoa dutelako.

Internet bidezko harremanak

Internet bidez lotutako harremanak ez dira ezohikoak gaztetxoen artean. Eusko Jaurlaritzak duela gutxi egindako azterlan baten arabera, 10 eta 12 urte bitarteko gaztetxoen %18,4 Internet bidez ezagututako norbaitekin geratu dira, aurrez aurre ezagutzeko. Horietatik laurdenak, gainera, ez dio inori bere asmoen berri eman; gurasoek eta lagunek jakin gabe joan da hitzordura. Hiru gaztetik batek ezezagunei Internet bidez datu pertsonalak ematea ere ontzat jotzen du, lagun izan nahi duela erakusteko lagungarria dela iritzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.