Adingabeei sexu gehiegikeriak egitea egotzita, mutil bat atxilo hartu du Poliziak

Agurainen atzeman du gaztea Ertzaintzak, iaz eta 2010ean ustez egin zituen erasoengatik; adingabea zen orduan

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Bi urtean adingabe hainbati sexu gehiegikeriak egin dizkielakoan, mutil gazte bat preso hartu du Ertzaintzak Agurainen, Araban. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi du 2010ean eta 2011n egin zituela ustezko erasoak; 19 urte ditu atzemandako gazteak, eta, horrenbestez, erasoak egin zituenean adingabea zen. Leporatu dizkioten azken erasoak iazkoak dira, baina Ertzaintzak herenegun atxilotu zuen mutila.

Poliziak beste atxiloketa batzuen ondoren egotzi ahal izan dizkio sexu eraso horiek gazteari, Herrizaingo Sailaren arabera. Agurainen bertan egindako lapurreta baten harira, bi gazte atzeman zituzten asteartean ertzainek; haien testigantzen bidez jakin ahal izan zuen Poliziak adingabe batzuei eraso zietela herrian, baita erasoak nork egin zituen ere. Herenegun goizean atxilotu zuten ertzainek, Agurainen. Ustezko erasoen eta atxiloketaren berri atzo eman zuen Ertzaintzak.

Herrizaingo Sailaren arabera, hainbat adingaberi sexu ukituak egin zizkien atxilotuak Agurainen. Hemeretzi urte dituela esan du Ertzaintzak; beraz, gazteari leporatu dizkioten delituak 2010eko udan eta 2011n egindakoak direnez, ustezko erasotzailea adingabea zen garai hartan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.