Ibon Urrengoetxea 43 urteko zornotzarraren heriotzarekin lotuta polizia etxean aurkeztu ziren bi adingabeetan zaharrenak, 16 urtekoak, gaur goizean deklaratu du Bizkaiko Justizia Jauregian, eta, ondoren, Zumarragako (Gipuzkoa) adingabeen zentrora eraman dute. Gazteenak, aldiz, 13 urte ditu, eta legez ezin zaio deliturik leporatu 14 bete arte; ondorioz, Adingabeen Fiskaltzak haurraren zaintza kendu die haren gurasoei, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren esku utzi du.
Urrengoetxea —Zornotzako futbol taldeko kide izandakoa— abenduaren 23ko goizaldean hil zuten, Bilbon, ustez lapurreta egin ostetik kolpatuta. Berri agentziek zabaldu dutenez, bi adingabeek aurrekariak zeuzkaten beste gazte batzuei lapurretak egiteagatik.