Adingabeen zentroak "gainezka" daudela ohartarazi du arartekoak

2017an, haur eta nerabeen eskubideekin loturiko kexen kopurua arartekoaren bulegoak jaso dituen guztien %16 izan dira: 492 kasu.

Manu Lezertua EAEko arartekoa. JAIZKI FONTANEDA (FOKU)
jokin sagarzazu
2018ko urriaren 16a
07:15
Entzun

Bakarrik dauden adingabeen egoera nabarmendu du Lezertuak, Haur eta Nerabeen 2017ko txostenaren aurkezpenean, Eusko Legebiltzarrean. Azaldu duenez, urte horretan 2.906 haur geratu ziren euskal administrazioen zaintzapean; %65 administrazioen zentroetan edota pisuetan, eta %35 familietan. Horietatik erdia baino gehiago etorkin adingabeak dira: 2017an, 1.721 haur. "2003tik inoizko zifrarik altuena". Aurten egoera "larriagotu" egin dela azpimarratu du, "Bizkaian bereziki". Haur guzti horietatik 587 zentroetan daude, 423 herrialde horretan.

Lezertuak azaldu duenez, kexarik ez dute jaso adingabeen partetik, baina babesik gabeko adingabe migratzaileen urgentziazko zentroetara eginiko bisitetan ikusi ahal izan du "gainezka" daudela eta baliabide gehiago behar dituztela. Administrazioei eskatu die ohe gehiago eta langile gehiago jartzeko. Gai hau "perspektiba autonomiko batetik" landu behar dela nabarmendu du eta eragile guztiak kontuan hartuz.

Adingabe etorkinez gain, hiru foru aldundien gizarte zerbitzuek 5.173 gazte lagundu dituzte. Lezertuak azaldu duenez, kexa ugari jaso dituzte banandutako bikotekide gatazkatsuekin loturiko haurren kasuetan.

Horrez gain, beste hainbat gai aipatu ditu arartekoak bere txostenean. Hezkuntza sisteman, ohartarazi du ikastetxe batzuk "ghetto" izaera hartzen ari direla, han pilatzen ari direlako  etorkinen semeak eta baliabide ekonomikoko urrikoak. Hori, bereziki, hezkuntza sistema publikoan ematen ari dela ohartararzi du.

Sexu abusuen auzia ere izan du mintzagai, eta nabarmendu du hori ikastetxean eman dadin saihesteko Hezkuntza Sailak 2016an abiatutako protokoloa ez dela nahikoa.

Osasunerako eskubideari dagokionez, arazorik handienak haur eta gazteen buruko osasunaren arloan daudela azpimarratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.