Adingabekoen Fiskaltzaren esku utzi dute Eibarren (Gipuzkoa) andre bati eraso egin zion 17 urteko mutila —biktima adinduna da—. Bere burua entregatu zuen atzo Hernanin (Gipuzkoa), Ertzaintzaren komisarian. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, erasotzailea biktimaren bikotekidea da. Genero indarkeria eta lesio delituak egotziko dizkiote atxilotuari. Atzo iluntzean elkarretaratze bat egin zuten Eibarren, indarkeria matxistaren kontrako gaitzespena adierazteko.
Sostoatarren kalean gertatu zen erasoa astearte arratsaldean. Erasotzaileak buruan jo zuen andrea, eta lurrera bota, biktimaren semearen eta beste lagun baten aurrean. Gero, alde egin zuen, baina handik gutxira aizto batekin itzuli zen, eta hankan sartu zion emakumeari. Mendaroko ospitalera (Gipuzkoa) eraman zuten biktima, zauriak artatzera, eta Donostiako erietxera lekualdatu zuten gero; larri dago. Lekuko batek erasoa grabatu zuen, eta sare sozialetan zabaldu zen bideoa; horren bidez identifikatu ahal izan zuten poliziek erasotzailea.
Gipuzkoako Diputazioak eta Batzar Nagusiek ohar bateratua kaleratu zuten atzo, erasoa arbuiatzeko eta emakumeari zein semeari elkartasuna adierazteko. Era berean, herritarrei dei egin zieten indarkeria matxistaren aurkako konpromisoa agertzera: «Pertsonen duintasuna, askatasuna eta osotasun fisikoa eskubide urraezinak dira, eta, beraz, eskubide horien aurkako jokabideak bidegabeak eta onartezinak dira». Eibarko Udalak ere gertatutakoa gaitzetsi zuen herenegun.