eae-ko estatus politikoa

Adituak ateak itxita hasi dira agerraldiak egiten autogobernu lantaldean

Adituek EAEko estatus berriari buruzko testuak azaldu dituzte; EAJk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk erabaki dute agerraldiak ez egitea publiko, eta EH Bildu eta PP aurka daude.

Autogobernu ponentziako batzorde teknikoaren azken bilera, abenduaren 2an, Eusko Legebiltzarrean. JON RODRIGUEZ BILBAO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko urtarrilaren 13a
19:21
Entzun

Hasi dira autogobernu lantaldearen aurrean azalpenak ematen EAEko estatutu politiko berriaren testu artikulatua egiteko talde parlamentarioek izendatuta adituak. Abenduaren hasieran utzi zuten Eusko Legebiltzarraren esku autogobernua gaurkotzeko testu artikulatua, EAJren, Elkarrekin Podemosen eta PSE-EEren babesarekin. Iñigo Urrutiak (EH Bilduk izendatutako aditua) eta Del Burgok (PP), berriz, testu propio bana aurkeztu zuten.

Agerraldi horien aurretik, lantaldean dauden EAJko, PSE-EEko eta Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideek erabaki dute ateak itxita egingo direla autogobernu lantaldeko eztabaidak, «komunikabideek eta publizitateak» ez dezaten oztopatu egin beharreko lana. EH Bilduk eta PPk, aldiz, adierazi dute adituen agerraldiek publikoak izan behar dutela; orain arte egin dituzten bileretan ere, adituei konfidentzialtasuna eskatu zaie.

Iñigo Urrutia eta Arantxa Elizondo (Elkarrekin Podemosek izendatutako aditua) izan dira lehengoak azalpenak ematen. Gainerako adituek bihartik aurrera emango dituzte. Hain zuzen, bihar izango da PSE-EEk izendatutako Alberto Lopez Basagurenen txanda, eta urtarrilaren 31n Mikel Legardarena (EAJk izendatua). PPren Jaime Ignacio del Burgo, berriz, asteazkenerako deituta zegoen, baina agerraldia atzeratuko du, gaixorik dagoelako.

Iñigo Urrutiarena izan da lehen agerraldia. Agerraldiaren ondoren egindako prentsaurrekoan, nabarmendu du euskal estatus berriarentzat «giltzarria» izango dela Espainian osatu berri den gobernuaren legegintzaldia. Gaineratu du hemen ere landu beharko liratekeela autodeterminazioa, galdeketak eta herritarrei hitza ematea, Kataluniako eta Espainiako gobernuen arteko elkarrizketa mahaian bezala. «Hemen ere antzeko mahai baten beharra egon daiteke», azpimarratu du.

Espainiako Estatuarekin eduki beharreko harremanez ere aritu da Urrutia. Haren iritziz, harreman horrek ezin du «mendekotasunezkoa» izan, eta azaldu du EH Bilduk estatutu berriaz egiten duen proposamenak ez duela derrigortzen Espainiako Konstituzioa aldatzera.

Halaber, esan du ez dagoela ados EAJk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk aurkeztutako testuarekin. «Hiru alderdien boto partikularren bidez ikusten da iritzi desberdinak dituztela erabakitzeko eskubidearen, konpetentzien banaketaren eta Euskal Herriaren eta estatuaren arteko harremanez». Urrutiaren iritziz, testu horrek ez dauka zerikusirik autogobernu lantaldean EH Bilduk eta EAJk adostutako oinarriekin.

Arantxa Elizondok ere gaur egin du agerraldia. Urrutia baino baikorragomintzatu da agerraldiar bukatutakoan egindako prentsaurrekoan. Esan du Pedro Sanchezen gobernu berriak «elkarrizketa bideak» ireki ditzakeela, «Kataluniarentzat eta Euskadirentzat ondorio onak» ekarriz. Izan ere, iruditzen zaio «fase berri bat» dela, eta «elkarrizketa gehiago» izango direla.

Urrutiak esan bezala, onartu du EAJren, Elkarrekin Podemosen eta PSE-EEren artean hainbat desadostasun egon direla autodeterminazio eskubidearen inguruan, eta horregatik egin dituztela formulazio desberdinak. Hala ere, ez da iragartzen ausartu epe motzean edo ertainean adostasunik lortuko den, eta ziurtatu du beren lana legebiltzarreko taldeei hainbat aukera ematera mugatu dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.